Rodrigues, Yolanda Lins d'Augsburg
(Augsburg eta Ulmeko kondesa izenez ere ezaguna). Brasildar eskultore, margolari eta diseinatzailea (Rio de Janeiro, 1942). Bere sorterrian egin zituen ikasketak, eta bertan eskuratu zituen arte ederretako eta pianoko diplomak. Geroago etruriar arteko doktoregoa lortu zuen Erromako Unibertsitatean eta Artearen Historiako doktore izendatu zuten Madrilgoan 1974an. Ikasketa haiek amaitu ondoren Parisa aldatu zen Arte Ederretako Eskolan ikasketak sakontzera. Eskulturari dagokionez, Erroman hasi zen artearen alor hori lantzen Paulo VI. Aita Santuak Vatikanorako eskatutako ate bat egiten ari zen Giacomo Mazuren eskutik. 1969an Madrilen kokatu zen, eta han egin ditu bere karrera artistikoko lan nagusiak, bai eskulturakoak eta baita pintura abstraktuaren alorrekoak edota diseinukoak (zapatak, poltsak, zapiak, bitxiak etab.). Bere lanekin hainbat sari irabazi ditu, adibidez, UNESCOren saria 1975. urtean, marmolez egindako Udazkeneko emakumea lanarekin, Parisko Gran Palais 1976an eta Madrilgo Bi Urtekoko sari bat, NBEn saria 1979. urtean, etab. Mundu guztiko hirietan eta areto nagusietan egin ditu erakusketak, adibidez, Paris, Londres, Sao Paulo, Lisboa, Erroma, Bartzelona, New York eta Madrilen.