Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rodolfo

Germaniako bi enperadoreren izena. v Rodolfo I.a Habsburgokoa. Germaniako enperadorea 1273-1291 bitartean (Limburg-im-Breisgau, 1218 - Speyer, 1291). Habsburgoko etxeko lehen enperadore germaniarra izan zen. Alberto IV.a Habsburgoko kondearen semea zen eta harengandik jaso zituen Alsazia, Aargau eta Breisgau-ko lurrak. 1273an egin zuten enperadore Aachen-go hirian, eta hala amaitu zen Germaniako inperioak erregerik gabe izan zuen lehen tarte luzea (1254-1273). Rodolfo I.a Alemania batzen eta sendotzen saiatu zen. Jaun feudalen eta, batez ere, Otakar II.a Bohemiakoaren aurka borrokatu zen. 1276-1278 bitartean, Austria, Estiria, Karintia eta Karniola-ko lurrak kendu zizkion hari, eta, ondoren, irabazi handiak eskuratu zituen lurralde horiek feudo-ondasun bihurturik. Adolfo Nassau-koa izan zuen ondorengo.  v  Rodolfo II.a Habsburgokoa. Germaniako enperadorea 1576-1612 bitartean (Viena, 1552 - Praga, 1612). Maximiliano II.aren semea zen. Erreforma katolikoaren alde borrokatu zen, baina gurtza askatasuna eman zien Bohemiako protestanteei (1609). Arteak eta zientziak bultzatu zituen (Tycho Brahe eta Kepler-en babesle izan zen), baina politikan huts handiak egin zituen eta 1606an Matias anaiaren esku utzi zuen aginpidea. 1608an Austria, Hungaria eta Moravia anaiaren esku geratu ziren eta Bohemia ere agindu zion, baina hil ondoren.