Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rodrigo

edo Roderic. Hispaniako azken errege bisigodoa, 710-711 bitartean (egungo Jerez de la Fronteran hila, 711). Witiza-ren ondorengoa izan zen, noble bisigodoek haren seme gazteak eta familia osoa Toledotik egotzi ondoren. Badirudi Rodrigo, Txindasvinto erregearen biloba bera, Bætica (egungo Andaluzia) lurraldeko dux edo buruzagi militarra izan zela ordu arte. Euskaldunen aurka borrokatu zen; Witiza-ren aldekoek ez zuten inoiz erregetzat onartu. Witiza-ren semeek Ipar Afrikako gobernari berberiarrengana jo zuten Rodrigoren aurkako laguntza bila, eta Tarik ibn Ziyad, Tanger-ko gobernaria, Iberiar Penintsulara igaro zen 710an, eta gudari talde gotorrago bat 711. urtean, Rodrigok Iruñeko hiria inguraturik zuenean. Setio hura utzi eta musulmanen eta aurka zituen bisigodoen kontra borrokatu zen Guadalete ibaiaren ertzean. Hil egin zuten guduan. Berberiar musulmanek Toledoraino jarraitu eta arazo handirik gabe jabetu ziren bisigodoen hiri nagusiaz. Handik aurrera hasi ziren musulmanak Hispaniako bazterretan zabaltzen. Istorio asko zabaldu da Rodrigo erregearen inguruan; haien arabera, aseezina zen haren aginpide egarriak eta Julian konde bisigodoaren alaba, Florinda izenekoa, bortxatu izanak areagotu zuen noble bisigodoen haserrea.