Rochant, Eric
Frantses zinema zuzendaria (Paris, 1962). IDHEC zinema eskolan lortu zuen zuzendari diploma, eta film laburrak egiten hasi zen film luzeak egiteko baliabideak eskuratzearren. Film labur haietako batekin, Presentzia femeninoarekin hain zuzen, hainbat sari eta arrakasta handia lortu zuen, eta horrela hasi zen bere hurrengo proiektua aurrera ateratzeko lehen harremanak egiten. Hurrengo film hori izan zen Rochantek egindako lehenengo film luzea (Mundu kupidagabea, 1989), zeinetan aztertu baitzuen gazteriaren etsipena eta etorkizun iluna. Film hari esker bere unibertso propioa sortzea lortu zuen Rochantek, eta lorturiko arrakastaz baliaturik proiektu handi garesti bat proposatu zion Gaumont etxeari: Abertzaleak (1994). Oinarri psikologikoko akziozko filma izan zen hura, nazioarteko espioitzako gertaerak kontagai dituena. Mossad zerbitzu sekretu israeldarraren berri ematen da film horretan, eta helburuen eta helburuak lortzeko baliabideen zilegitasunaren inguruko gogoeta proposatzen dio ikusleari gai hori aitzakia harturik. Film haren ondoren proiektu handinahiak alde batera utzi, eta bere hasierako joeretara itzuli zen Anna Oz filmarekin (1996).