Roche, Kevin Eamonn
Britainiar arkitektoa (1922). Dublingo National University of Irelanden egin zituen arkitekturako ikasketak, eta 1954an eskuratu zuen titulua. Michael Scott and Partners (Dublin) eta Maxwell Fry eta June Drew arkitektoen estudioetan (Londres) egin zituen lehenengo lanak. Ondoren Illinoiseko Teknologia Institutuko langile izan zen (1948-1949), besteak beste; 1954-1961 bitartean zuzendari izan zen Eero Saarinen and Associateseko sail batean, eta Saarinen hil ondoren estudioaren zuzendari izan zen John Dinkeloorekin (1961; Dinkeloo 1981ean hil zenean berak jarraitu zuen), Kevin Roche John Dinkeloo and Associates izena harturik. Elkarrekin egindako lehen arkitektura lana Kaliforniako Oakland museoko terraza saila izan zen (1961-1968). New Yorkeko Ford Fundazioaren eraikinak (1963-1968), beirazko negutegi erraldoi baten modura eraikiak, arrakasta handia izan zuen eta enkargu berrien interprete eklektikoen ospea eman zien Roche eta Dinkeloori. Bereziki aipagarria dute, orobat, Massachusetsko Unibertsitateko Fine Arts Center (1964-1974), zeinetan osatu zuten hormigoizko atalen konbinazio bikaina, zubi baten modura. Etxe-orratz ikusgarria egin zuten New Yorkeko Federal Reserve Bankuarentzat (1969an hasia), eta 1966-1972 bitartean Kevin Roche John Dinkeloo and Associatesek Hartfordeko Aetna Life and Casualty Computer Building eraiki zuen, Connecticuten. Garaitsu hartan hormigoi eta beirazko hiru gorputz erantsi zizkioten Indianapolisko College Life Insurance Co-ren egoitzari (1967-1971), eta beira erabili zuten, halaber, Wochester Country National Bank (1970) eta Fort Waynen (1972). Gerora egindako lanetan forma, tankera eta teknologia anitz erabili zituzten, aukera estilistiko bakarraren morrontzarik gabe: New Yorkeko NBEren aurreko hotela (1969-1971); Wiltongo Richardson-Merelleko zuzendaritza bulegoak, Connecticuten (1970-1974); Turingo FIATenak (1973-1976); New Yorkeko Metropolitan Museumen zabaltzea (1967-1978), etab.