Robinson, Mary
(Jaiotza izena, Mary Bourke). Irlandar politikari eta abokatua (Mayo, Ballina, 1944). Irlandako eta Frantziako ikastetxe pribatuetan egin zituen ikasketak eta ondoren Dublingo Trinity Collegen sartu zen. Han graduatu zen 1967an, eta handik urtebetera Estatu Batuetako Harvard Unibertsitatean eskuratu zuen Zuzenbideko titulua. Ondoren Trinity Collegen zuzenbide irakasle sartu zen, 25 urterekin, eta historia guztian eskola hartan izandako irakaslerik gazteena izan zen. 1969an Irlandako senatuko hauteskundeetara aurkeztu zen, hautagai independente gisa, eta harrezkero 20 urtez izan zen senatari. Bere karreran zehar lan handia egin du Irlandako legegintzan eta politikan. Senatari gisa feminismoaren aldeko jarreragatik eta dibortzioaren edo homosexualitatearen aurrean, esaterako, erakusten zuen liberalismoagatik nabarmendu da, eta eskubide zibilen aldeko lan garrantzitsua egin du oro har. 1977an alderdi laboristan sartu zen, baina 1985ean bertan behera utzi zuen hitzarmen anglo-irlandarrak Ipar Irlandako protestanteen kalterako zela iritzita, bera katolikoa izan arren. 1990ean Irlandako Errepublikako lehendakari izendatu zuten, alderdi laboristaren eta ezkerreko indarren batasunak elkar hartu ondoren. Robinson izan da herrialde hartako historian lehendakari kargua izan duen lehen emakumea. Lehendakari izan zen garaian, Afrikako zenbait herrialde pobreren alde eta sistema politikoak baztertutakoen alde egin zuen, eta modernotasuna eta pluralismoa ekarri zituen Irlandako estatura, ordu arteko balio irlandar tradizional, katoliko eta kontserbadore itxiak alde batera utzirik. 1997an bere kargua utzi, eta NBE erakundean giza eskubideen komisario gorenaren kargua hartu zuen.