Robinson, Smokey
(Jaiotza izena, William Robinson). Estatubatuar musikaria (Detroit, 1940). 1954an The Matadors izeneko abeslari taldea osatu zuen Detroiten ikasten ari zen garaian. Harrezkero zenbait aldiz aldatu zioten izena taldeari: 1957an, esaterako, The Miracles izena hartu zuen eta handik hamar urtera, berriz, 1967an, Smokey Robinson and the Miracles. Rock eta rhythm and blues musikako talde arrakastsuenetako bat izan zen. Robinsonek idazten zituen taldearen abestiak eta bera zen abeslari nagusia, bere tenor ahots bitxiarekin; horrela, Robinson bera izan da rock musikaren historiako musika jotzaile eta musikagile nagusietakoa. Robinsonek Motown etxearen sortzaile Berry Gordy ezagutu zuen 1957an eta elkarrekin zenbait lan idatzi zituzten, esaterako, "Bad Girl" (1959) eta "Shop Around" (1960). Motown Records etxearekin hainbat disko grabatu zituen, eta 1960-1970eko hamarraldietan musikaren industriako disko etxe nagusia eman zion. Izan ere, Robinsonek 1972an utzi zuen Miracles taldea, eta Motown etxeko zereginetan murgildu zen buru-belarri; hala ere, grabazioak egiten eta musika idazten jarraitu zuen gerora ere. Berak idatzitako kantuen artean bereziki aipagarriak dira, besteak beste, "The One Who Really Loves You" (1962), "You've Really Got a Hold on Me" (1963), "The Way You Do the Things You Do" eta "My Guy" (1964), "My Girl" (1965), "I'm the One You Need" (1966), "I Second That Emotion” (1967), "I Don't Blame You at All" (1971), "Just to See Her" (1987).