Roberts, Julia
(Izen osoa, Julie Fiona Roberts). Estatubatuar antzezlea (Smyrna, Georgia, 1967). Gurasoak interpretazio eskola bateko zuzendariak zituen eta handik sortu zitzaion antzepenerako zaletasuna. New Yorken hasi zen antzezle gisa lanean telebistako paper txikiak antzeztuz, baina 1986an zineman egin zuen debuta eta zinemak eman dio, hain zuzen ere, ospea. Hasierako lanetan aipagarriak ditu Mystic Pizza (1988) eta Altzairuzko magnoliak (1989) filmak. Lan haietan ikus daitekeenez, hasieratik erakutsi zuen Julia Robertsek kameraren aurrean naturaltasun osoz jarduteko gaitasuna zuela, eta dohain horri eta bere edertasunari esker 1990ean Garry Marshallen Pretty Woman filmeko emakumezko paper nagusia antzezteko aukera iritsi zitzaion. Film hartan interpretazio bikaina egin zuen, eta mundu osora zabaldu zen bere ospea. 1991n Steven Spielbergen Hook filmean lan egin zuen, baina ez zen uste bezain film bikaina izan eta Julia Robertsek hainbat gorabehera izan zituen. Film hark arrakastarik lortu ez zuen arren, bere ospea ez zen apaldu eta izar izaten jarraitu du, nahiz eta berak interpretatzen dituen filmak ez izan sarritan kalitate estetiko handikoak, adibidez Pelikano txostena (1993) edo Prêt-a-porter (1994). 1996an hiru film egin zituen, bere karrerari beste norabide bat eman eta pisu handiagoko pertsonaiak interpretatu nahian. Mary Reilly egin zuen lehenik, eta bertan antzezpen lan ona egin zuen arren, filmak ez zuen arrakasta handirik izan. Ondoren Michael Collins (1997), egin zuen; antzezpen bikaina egin zuen eta film ona zen, baina ez zuen espero zitekeen bezain harrera ona izan. Eta azkenik, Woody Allenen komedia musikal bat interpretatu zuen, garraztasun eta melankolia ukitu batekin, Guztiek esaten dute I Love You (1997). 1997an berriro lortu zuen ikusleen artean harrera beroa, Nire adiskiderik onenaren ezkontza komediarekin; edertasuna, naturaltasuna, umorea erakutsi zituen eta berriro iritsi zen goren mailara. 1999an Nothing Hill eta Emaztegaia ihesi egin zituen, besteak beste. Julia Roberts bi aldiz izendatu dute Oscar sarirako, Altzairuzko magnoliak eta Pretty Woman filmengatik, eta bi aldiz irabazi du, lan horiexekin, Urrezko Globoa.