Rivera, Diego
Mexikar pintorea (Guanajuato, 1886 - Mexiko, 1957). Horma-pintore handienetako bat izan zen eta eragin handia izan zuten Amerika osoan bere teknika modernoek. Europan barrena ibili eta gero, Parisa joan eta pintore kubistekin harremanetan hasi zen. 1910ean egin zuen lehen erakusketa Mexikoko hirian. Europara joan zen berriro eta, Parisko giroa utzi ondoren, Italiara joan zen freskoen artea hurbildik ezagutzera. 1921. urtean itzuli zen Mexikora. Urte hartan berean sortu zuen Mexikoko pintoreen sindikatua, Orozco eta Siqueiros-ekin batera, eta eraikin ofizial batzuetarako lanetan (Mexikoko hiriko Escuela Nacional Preparatoria izeneko eskolako hormak, La Creación lanaz; Chapingo-ko Nekazaritza Eskolako La tierra fecunda lana) gorpuztuz joan zen, arian-arian, Mexikoko horma-pintura berria. New York-eko hirian erakusketa handi bat egin ondoren, Detroit-eko Arte Institutuko hormetan lan egin zuen 1932an. Bigarren Mundu Gerraren ondoren ekin zion bere proiektu handienari, etorkizun oparo baten esperantzan Mexiko-ko historia guztia jasoko zuen horma-pintura izugarri handia, Mexiko-ko hiriko Nazio Jauregian, baina bukatu aurretik hil zen. Riverak monumentu itxurako lanetara jo zuen beti, kolore biziak erabili zituen, marrazki lauak eta forma bakunak. Mexikoko pintura nazionaleko artista handientzat joa da Diego Rivera.