Ríos Montt, José Efraín
Guatemalar militar eta politikaria (1925). Guatemalako Gudarostearen Eskola Politeknikoan egin zituen ikasketak (aurrerago bertako zuzendari izatera iritsiko zen). 1973 eta 1974. urteetan lehendakaritzarako hauteskundeetara aurkeztu zen, Demokrazia Kristaua alderdiaren aldetik. Hauteskundeak, baina, bere aurkari politiko Kjell Laugerud Garcíak irabazi zituen, bai Laugerud bai Ríos Montt gudarosteko jeneral zirelarik. 1982ko hauteskundeetan Aníbal Guevara jenerala atera zen garaile, baina Ríos Monttek hartu zuen aginpidea, ofizial gazteen estatu kolpe baten ondoren. Lehendakari berriaren aurreneko neurrietako bat Foru Bereziko Auzitegiak sortzea izan zen. Auzitegiko epaileek, aurpegia estalita, 200 pertsona baino gehiago epaitu zituzten eta 16ri ezarri zieten heriotza zigorra. Ríos Monttek hartutako beste neurri batek, lurra arrasatu, gerrillari laguntza ematen zion populazio zibila desegiteko balio izan zuen. Giza laguntzarako talde batzuen arabera, neurri horrekin 440 herri suntsitu ziren, milioitik gora nekazari bizilekuz aldatzera behartu zituzten, eta beste 40.000 mila bahitu edo desagerrarazi egin zituzten. 1990eko lehendakaritzarako hauteskundeetan, Ríos Monttek bere burua aurkeztu zuen, baina hautes erregistroak ez zion baimenik eman, konstituzioak debekatu egiten zuelako estatu kolperen batean parte hartutako inor lehendakari izatea. 1994an, ordea, bere karrera politikoa berritzeko aukera ikusi zuen, 1985eko konstituzioa aldatzeko erreferendumaren ondoren. Legegintzarako hauteskundeetan Guatemalako Legebiltzarreko kide hautatu zuten, eta hurrengo urtean, Legebiltzarreko lehendakari. 1995eko lehendakaritzarako hauteskundeak deitu zirenean, hautagai zerrendan sartu ahal izateko legezko borrokan hasi zen, nahiz eta konstituzioaren arabera ezinezkoa zitzaion. Azkenean, Guatemalako Justizia Auzitegi Gorenak diputatu eta Legebiltzarreko lehendakari karguak kendu zizkion.
- Rioja
- Riom
- Riomayor
- Rion
- Riopelle, Jean-Paul
- Ríos Montt, José Efraín
- Ríos, Marcelo
- Ríos, Miguel
- Rioseco
- Ripa
- Ripodas