Ríos, Miguel
Espainiar musikaria (Granada, 1944). Espainiako rock musikaren historiako abesari handienetako bat. Bere karrerak hiru hamarraldi hartzen ditu. 1962an egin zuen debuta, "El Rey del Twist" kantuarekin, baina sarritan Filippo Carlettirena bezalako orkestrekin jotzen zuen, edo bere belaunaldiko beste talde batzuetan –Los Relámpagos, Los Sonors– kantatzen zuen. Bruno Lomasekin batera, Espainian rock musika sartu zuenetako bat izan zen. Hiru urtean hemezortzi disko grabatu zituen, Oh, Mi Señor arrakastatsua, besteak beste. Balada gisako beste kantu batzuekin ere ("El Río", "Vuelvo a Granada", etab.) arrakasta handia izan zuen eta bere musikaren ohiko entzuleria zabaltzen lagundu zioten. 1970ean Despierta diskoa argitaratu zuen, eta diskoko kantuetako bat, "Himno a la Alegría", Estatu Batuetako musika zerrendako aurreneko tokietara iritsi zen. 1972an, De rock y amor izenburupean, ikus-entzunezko ikuskizun bihurtutako hiru kontzertu handi eskaini zituen, bai eta grabatu ere. Ia bost urteko isilaldi luze baten ondoren, Al Ándalus diskoaren argitalpenarekin arrakasta handia izan zuen berriro, eta urrezko bigarren aro bat hasi zuen, hurrengo diskoek berretsia: Los viejos rockeros nunca mueren (1979), Rocanrol Bumerang (1980). 1982an Rock and Ríos arrakastatsua argitaratu zuen, eta Espainian inoiz egin den jira handienetako bat egiteko baliatu zuen. 1992an bere karrera luzeko kantu onenen bilduma kaleratu zuen: Así que pasen treinta años. Beste lan aipagarri batzuk: La huerta atómica; El rock de una noche de verano; La encrucijada; Rock en el ruedo.