Rio Grande
Brasilgo hego muturreko hiria eta portua, Rio Grande do Sul estatuaren hego-mendebalean, Patos aintzirako ura itsasora daraman Rio Grande ibaiaren ertzean. 124.706 biztanle. Rio Grande do Sul estatuko portu garrantzitsuena da, Pelotas-ekoarekin batean (32 km ipar-mendebalera). Ehungintza eta petrolio findegia. Unibertsitatea (1969). Aireportua. v Historia. 1737an gotorleku bat egin zuten portugaldarrek inguru haietan, Estreito deitua, eta 1751n sortu zuten São Pedro do Rio Grande izeneko hiria. 1763an espainiarrek hartu zuten hiria eta Rio de la Plata-ko erregeordetzaren lurraldean egon zen 1776tik aurrera. 1835ean eman zioten hiri gutuna Brasilgo estatuaren barnean.