Richard, Cliff
Britainiar kantaria eta antzezlea, Indian jaioa (Lucknow, India, 1940). Zortzi urterekin Londresa joan zen familiarekin. Riversmead Schoolen egin zituen ikasketak. Musikari gisa hasi baino lehen, Britainia Handiko finantza erakunde batean lan egin zuen. Hemezortzi urte zituela, musika talde bat sortu zuen, Drifters (gero Shadows deitua). Arrakasta handiko kantuak egin zituen: Move it (1958), Living doll (1959), Please don't tease (1962), The young ones (1962), Bachelor boy (1962) eta Lucky lips (1963). Garai hartan hasi zuen, baita ere, bere karrera zinema munduan: Serious charge (1959), Expresso Bongo (1960), The young ones (1962), Wonderful life (1964)… 1968an bigarren geratu zen Eurovision Jaialdian, Congratulations kantuarekin, eta hurrengo urtean, hirugarren. Shadows taldea 1968an desegin zen, eta urtebete geroago, Throw down a line abestia grabatu zuen, Hank Marvinekin batera. Urte hartan bertan, irailean, Rebel Without a Cause filmaren bertsio berri bat grabatu zuen Estatu Batuetako telebista kate batentzat. 1960ko hamarraldiaren bukaeran, musika alde batera utzita, erlijio talde bateko kide egin zen, Billy Grahamen gidaritzapean, eta erlijio talde horrentzat Two a Penny (1968) filmean lan egin zuen. Urtebete geroago, 1969an, bere izena duen fundazio bat sortu zuen, helburu humanitario eta erlijiosoekin. 1976an musikara itzuli zen ostera eta iraupen luzeko disko bat grabatu zuen, I'm nearly famous. Disko hartatik single bat atera zuen, Devil woman, arrakasta handikoa. Beste lan aipagarri batzuk, urrezko diskoaz sarituak: Wired for sound (1981), Daddy's home (1981), Living doll (1986) eta Mistletoe and wine (1988). Bestalde, zenbait liburu idatzi ditu, erlijioaz: Happy Christmas for Cliff (1980); You, Me and Jesus (1983); Jesus, Me and You (1985).