Rich, Buddy
Estatubatuar bateria jotzailea eta jazzeko orkestra zuzendaria (1917-1987). Music-hall-eko artista familia batean jaio zen. Bateria jotzen bere kabuz ikasi zuen, eta debuta hemezortzi urte zituela egin zuen Broadwayn. Profesional gisa 1938an hasi zen Joe Marsalaren orkestran. Ondoren Bunny Berigan (1938), Artie Shaw (1939), Tommy Dorsey (1939-1942) eta Benny Carterrekin (1942) batera jo zuen. Gudarostean bi urte egin ondoren, Tommy Dorseyren zuzendaritzapean itzuli zen musikara (1944-1946). Charlie Ventura (saxofoi tenorra) eta Chubby Jacksonekin (kontrabaxua), Big Four taldea sortu zuen. 1953-1954 bitartean Harry Jamesen orkestran aritu zen eta ondoren Tommy Dorseyrekin (1954-1955) hasi zen atzera. Europan zehar bira bat egin zuen Harry Jamesekin 1957an eta orkestra handi bat sortu zuen 1966an. Azken urteetan telebistako showetan parte hartu zuen, bateria jotzen eta kantatzen.