Richards, Keith
Britainiar gitarra jotzaile eta musikagilea (Dartfort, Kent, Ingalaterra, 1943). Rolling Stones taldeko kidea. Gaztetan eskolatik bota zuten behin baino gehiagotan, Mick Jagger-ekin batera. Droga zaletasunak harrapatuta egon zen bi hamarraldiz. 1962ko bukaeran, Mick Jagger, Brian Jones, Ian Stewart, Dick Taylor eta Charlie Wattsekin batera jo zuen, Londresko Club Picadillyn. Hurrengo urtearen hasieran, Bill Wymanek Dick Taylor-en lekua hartu ondoren baxua jotzen, ezarri zioten taldeari Rolling Stones izena, Muddy Waters estatubatuarraren abesti batetik hartua. Ekainean lehen diskoa argitaratu zuten, "Come on" eta "Want to be loved" abestiekin. Urte hartako irailean jira bat egin zuten Ingalaterratik, eta 1964an lehen disko luzea argitaratu zuten: The Rolling Stones. The Beatles talde ospetsuaren aurrean, bihurri eta hezigaitz itxura eman zuten. 1986ko martxoan Jagger-Richards bikotea behin betiko bereizi zela pentsatu zen. 1988ko urrian Richardsek bakarkako lehen lana argitaratu zuen, Talk is cheap. Richardsek berak idatzi eta ekoitzi zituen abestiak, Steve Jordan bateria jotzailearen laguntzarekin. Urte horretan bertan taldeko bost kideak berriro elkarrekin lan egiteko asmoz elkartu ziren, bi urteko etenaren ondoren, eta 1989an disko berria argitaratu zuten: Steel Wheels. Arrakasta handiko jira egin zuten Estatu Batuetan, Filadelfiatik hasita. Jiraren eta diskoaren arrakastak bultzaturik, 1990ean beste jira bat egin zuten Europan.