Ricardo, David
Ingeles ekonomialaria (Londres, 1772 - Gatcombe Park, Gloucestershire, 1823). Guztiz finkatu zituen kapitalismo liberalaren teoriaren oinarriak; haren obrak ekonomiaren teorian garrantzi handia izan zuen. Diru trukatzaile judu holandar baten semea zen eta hamalau urte zituela hasi zen aitarekin lanean. 1793an kristau bihurtu zen eta beregain jarri zen, balioen eta diruaren trukean betiere. Adam Smith ekonomialariaren obra irakurri ondoren barneratu zen ekonomiaren zientzian eta 1810ean aurkeztu zuen lehen obra, The High Price of Bullion (Urrearen prezio handia). Handik aurrera Jeremy Bentham eta, batez ere, Thomas Malthus ekonomialariekin harremanetan jarri zen eta arian-arian gorpuztuz joan zen bere ekonomia teoria, Principles of Political Economy and Taxation (1817, Ekonomia politikorako eta zerga sistemarako oinarriak) obran argitaratu zuena. Ekonomia produktua gizarteko hiru klaseen –lurjabeak, langileak eta enpresariak– artean banatzerakoan agintzen duten legeak argitzen saiatu zen Ricardo. Ekoizpenean nekazaritzaren lehentasuna aldezten zuen eskola fisiokratikoko frantses ekonomialari liberalek ez bezala, produkzioko lan orok aberastasuna sortzen duela argudiatu zuen Ricardok; Marxen gainbalioaren teoria aitzinatu zuen lege horrek. Horrez gainera, haren ustez balioa ondasun baten ekoizpenean eginiko lan-kopurua delarik, balioa zehazterakoan lurrak inolako eraginik ez duela adierazi zuen, eta kapitala aurrez egindako lanak sorraraziko erreserba bat baizik ez dela. Ricardok oinarri horiekin eta errentaren, soldataren eta etekinaren gainean egin zituen ikerketekin biribildu zituen teoria horiek bazterrera uzten zuten espreski lurjabeen klasea, aurreramendurako oztopo baizik ez zelakoan, eta industria burgesiaren alde zeuden, bestalde, bete-betean. Teoria horien osagarri, nazioarteko zuzenbide dotrina argi bat zabaldu zuen Ricardok: merkataritza eskubide eta pribilejio guztien aurka, merkataritza eta ondasunen ekoizpen sistema libre bat aldarrikatu zuen. Ricardoren teoriek eragin handia izan zuten XIX. mendean, industria gizartea Europan eta Ipar Amerikan zabalduz joan zen ahala, eta haren ideietara jo zuten. Halaber, haren aurka jaiki ziren Karl Marx, Robert Owen eta beste hainbat ekonomialari ere.