Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Reno

Estatu Batuetako mendebaleko hiria, Nevadako estatuaren mendebalean, Truckee ibaiaren ertzean, Kaliforniako estatuaren mugatik hurbil. 133.850 biztanle (208.200 biztanle ditu Sparks-Reno hirialdeak). Unibertsitatea. Turismoa (ehiza, eskia, arrantza, kasinoak, ikuskizunak) da ekonomia jarduera nagusia. Merkataritza eta administraziogune garrantzitsua izan zen XX. mendearen hasieran. Renon indarrean diren lege liberalengatik Estatu Batuetako jende asko ezkondu eta dibortziatu ohi da han, oso bizkor tramitatzen direlako; horregatik ezkontza eta dibortzio leku ezagun bihurtu zen Reno (20.000 ezkontza eta 4.500 dibortzio 1960an). Euskaldun jatorriko biztanle asko dago. 1967az gero Basque Studies Program deitzen den saila du unibertsitatean. Euskarari eta Euskal Herriari buruzko lan asko egin dira sail horretan.