Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rennes

(Bretoieraz, Roazhon). Bretainiako ekialdeko hiria, Ille-et-Vilaine departamenduko prefetura hiria, Ille eta Vilaine ibaien bilgunean (Frantziako ipar-mendebala), Bretainiako antzinako hiriburua. 205.733 biztanle. Unibertsitatea. Aireportua. Errepide eta burdinbidegune garrantzitsua. Industria (burdinbide gaiak, automobilgintza, nekazaritza jarduerarako makineria, kimika industria, janari industria, tresneria elektrikoa, zurgintza, larrugintza, petrolio findegiak) da ekonomia jarduera nagusia. Administraziogune garrantzitsua da eta bertatik bideratzen da, neurri handi batean, Bretainiako mendebalerako merkataritza jarduera. Arteari dagokionez, 1720. urteko sutearen ondorioz, oso hondatuak geratu ziren Rennes-eko eraikuntza zaharrak. Jacques Ange Gabriel frantses arkitektoaren planoei jarraituz eraiki zituzten berriro monumentu aipagarrienak: Saint Pierre katedrala (XVIII-XIX. m.; aurrealde klasikoa), Saint Sauveur basilika (XVIII. m.), Notre-Dame edo Saint Melaine eliza (XIV. m.), XVII. mendean berritutako Saint Georges abatetxe zaharra, XV-XVI. mendeetako Saint-Germain eliza gotiko berritua, XVII. mendeko Bretainiako legebiltzarraren egoitza, Luis XV.aren estiloko udaletxea.  v  Historia. Hiri zelta zen Rennes (Redones). Erromatarren garaian Armorikako penintsulako komunikabidegune nagusi bihurtu zen eta Erdi Aroan zehar, Nantes hiriarekin lehian izan zen Britainiako dukeen hiriburu izateko. Lehiak aurrera egin zuen 1551. urtean Britainiako legebiltzarra osatzea erabaki zenean eta azkenik, hamar urte geroago Rennes-en finkatu zuten legebiltzarraren egoitza. Kalte handiak jasan zituen hiriak Bigarren Mundu Gerra garaian.