Reitz, Edgar
Alemaniar zinemagilea (Morbach, 1932). Kameralaria eta muntatzailea izan zen hasieran. 1957tik aurrera film laburrak, dokumentalak, publizitate eta enpresetarako filmak eta telebistarako programak egin zituen; haietariko batzuk ospe handia eman zioten Alemanian eta beste zenbait herritan. 1962. urteaz gero alemaniar zinema berriko kideekin elkar lanean ari izan zen eta 1967an bere lehen film luzea egin zuen, Mahlzeiten. 1970etik aurrera Alemaniako historian garrantzi berezia izan duten garaiak aztertzen zituzten hiru film luze egin zituen: Der Reise nach Wien (1973, Vienara bidaldia), Stunde null (1976) eta Der Schneider von Ulm (1978, Ulmeko jostuna). 1984an bere maisu lana aurkeztu zuen, Heimat (Aberria), hamabost ordu irauten duen filma, hasieran telebistan eta gero zinema aretoetan eman zena. Film horrek arrakasta handia izan zuen, Hunsrück-eko herrixka baten ikuspegitik aztertu zuen 1919-1982 aldia, era errealistan, ia dokumental baten itxuran.