Reisz, Karel
Ingeles zinemagilea, jatorriz txekiarra (Ostrava, 1926). Hamabi urte zituela Erresuma Batura abiatu zen naziengandik ihesi. Zinema kritikari izan zen eta National Film Theatre-n lan egin zuen; 1953an The Technique of Film Editing (Filmak montatzeko teknika) liburua argitaratu zuen, zinemagile askorengan eragina izan duena. 1956an zuzendu zuen bere lehen filma Tony Richardson-ekin batera, Free Cinema-ren manifestu bilakatu zen Momma Don’t Allow (Amak ez du baimenik ematen). Bakarrean egin zuen lehen film luzean, Saturday Night and Sunday Morning (1960) gizabanakoak senaren eta gizartearen betebeharren artean duen gatazka adierazi zuen. Urte batzuk geroago, britainiar zinemagintza krisian zegoela, Estatu Batuetara jo zuen. Beste film aipagarri batzuk: We Are The Lambeth Boys (1959), Isadora (1968), The Gambler (1974, Jokalaria), Dostoievskiren eleberrian oinarritua; Who’ll Stop the Rain (1978), Sweet Dreams (1985, Amets goxoak), The French Lieutenant’s Woman (1981, Frantses tenientearen emaztea).