Raney, Jimmy
Estatubatuar jazzeko gitarra jotzailea (Kentucky, 1927 - 1995). Ama ere gitarra jotzailea zuen eta hura izan zuen lehenengo irakaslea. Ondoren, Hayden Causeyrekin egon zen eta harekin ezagutu zuen jazza, eta batez ere, Charlie Christian. Hamazazpi urte zituela, Jerry Walden taldean jo zuen bi hilabetez New Yorken. 1944-1947 urteen bitartean Chicagon aritu zen Max Miller, Lou Levy, Lee Konitz eta Jay Burkhartekin batera. New Yorkera itzuli zenean, Woody Hermanekin aritu zen (1947-1948), eta ondoren, Al Haig hirukotean eta Buddy DeFranco seikotean jo zuen. Red Norvok Europara eraman zuen 1954an, Jazz Club USA kontzertu-birarekin. Urte horretan bertan, Les Elgart eta Teddy Charlesekin lan egin zuen. New Yorkeko Blue Angel aretoan Jimmy Lyons piano jotzailearekin aritu zen 1955-1960 urteen bitartean. Don Elliotten laukotearekin, berriz, Thurber Carnival musika komedian lan egin zuen. Denboraldi batez isilik egon ondoren (1964-1972), beste kontzertu-bira bat egin zuen. 1977ko urtearen hasieran gitarra bikote bat sortu zuen bere seme Dougekin, eta izugarrizko arrakasta izan zuten. Garai hartako musikagile handienek berarekin lan egin zuten: Herbie Stewart, Bill Perkins, Richie Kamuca, Tommy Flanagan, Martial Solal, Jim Hall, John Lewis, Eric Dolphy, Bob Brookmeyer. Raneyren lanek 1950eko hamarraldian izan zuten batez ere arrakasta, Stan Getzi eskerrak. Dotoretasuna eta adierazgarritasuna izan ziren haren musikaren oinarriak. Argitasun eta sentiberatasun nahaste berezi baten bidez, aberastasun harmoniko berezia ematen zion Raneyk nota eta akorde bakoitzari.