Rank, Otto Rosenfeld
Austriar psikiatra (Viena, 1884 - New York, 1939). Filosofian doktorea, Freud-en ikaslea izan zen. Vienako elkarte psikoanalitikoko idazkaria izan zen 1910-1915 urteetan eta Internationale Zeitschrift für Psychoanalyse aldizkariaren zuzendaria izan zen S. Ferenczi eta E. Jones-ekin batera. Mitoak eta elezaharrak aztertu zituen Der Mythus von der Geburt des Helden (1909, Heroiaren jaiotzaren mitoa) eta Das Inzest-Motiv in Dichtung und Sage (1912, Intzestuaren gaia poesian eta elezaharretan) obretan. Das Trauma der Geburt und seine Bedeutung für die Psychoanalyse (1924, Jaiotzaren trauma eta Psikoanalisiarentzako garrantzia) idazlanean jaiotzaren larritasuna Edipo konplexuaren gainetik jarri zuen, Freuden pentsakeratik aldenduta. 1924. urtetik aurrera Estatu Batuetan hartu zuen bizilekua eta Psikoanalisiaren teknikak (1926, 1929, 1931; hiru liburuki), Don Juan, bikoiztasunaren azterketa (1932) eta Artea eta artista (1932) obrak idatzi zituen geroztik.