Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ramses

Egiptoko XIX. eta XX. dinastietako hamaika faraoien izena. Ramassu («Ra jainkoak sortua») izen egiptoarraren molde grekoa da Ramses. Erregeen Haranean jarri zituzten errege haren hilobiak. v Ramses I.a. Egiptoko faraoia K.a. 1295-K.a. 1294 bitartean. Egiptoko XIX. dinastiaren sortzailea izan zen. Familia militar batean sortu zen eta Horemheb XVIII. dinastiako azken faraoiaren ministro izan zen. Haren lekua hartu zuen, hil ondoren, semerik gabe hil baitzen. Agurea zen kargu hura hartu zueneko eta Seti semea izan zuen ondorengo.  v  Ramses II.a. (Handia deitua). Egiptoko faraoia K.a. 1279-K.a. 1213 bitartean. Seti I.aren semea eta Egiptoko XIX. dinastiako hirugarren faraoia izan zen. Egiptoko faraoirik ospetsuenetako bat izan zen. Hititen aurka borrokatu zen Siria aldean eta libiarren aurka Niloko deltaren mendebaleko lurraldeetan. Garaipenak eta galerak izan zituen hititen aurrean eta hitzarmen bat egin zuen Kadesh-ko guduaren ondoren (bi printzesa hititarekin ezkondu zen K.a. 1278an). Ekialdeko mugei eutsi zielarik (Palestina), indartu zuen erregearen irudia bere herriaren babesle gisa (guztia agertzen da Kadesh-ko Poeman, Antzinako Egiptoko literatura lan aipagarrienetako bat). Ramses II.aren garaian eraikuntza handiak egin ziren Nilo ibaiaren bazter guztietan: bere irudiko estatua erraldoiak eginarazi zituen han eta hemen, Abu Simbel-eko speos edo lurpeko tenplu ikusgarria eta beste bost tenplu eraiki zituen Nubiako lurretan, eta obra handiak bideratu zituen Luxor-eko tenpluan (barnealdeko patioa eta Ramesseum izeneko hileta-tenplua), Tebasko hirian, baita hiri berean zegoen Karnak-eko tenpluan ere (hipostilo handia bukatu zuen). Monumentu eta idazki ugari utzi zuen Niloko deltan eta Pi-Ramese inperioaren hiriburua (Tanis) sortu zuen,. Ramses II.aren agintaldia antzinako Egiptoko bigarren luzeena izan zen (67 urte) eta garai hartako egiptoarrek, oro har, aldi oparoa bizi izan zuten. Tradizio batek dioenez, Ramses II.aren garaikoa da juduen exodoa edo juduen irteera Egiptotik agindutako lurrera. v Ramses III.a. Egiptoko faraoia K.a. 1186-K.a. 1154 bitartean. Setnakht Egiptoko XX. dinastiaren sortzailearen semea eta ondorengoa izan zen. Barne giro nahasia jaso zuen aitarengandik, ez baitziren osorik itxi Egiptok aurreko urteetan bizi izandako gerra zibilaren ondorengo zauri lazgarriak. Libiako herrien elkarte baten aurka borrokatu behar izan zuen lehendabizi eta hititen erresuma menderatu zuten Itsasoko Herrien (Egeo itsasoko herriak, filistioak tartean) aurka ondoren. Berriro ere borrokatu zen egiptoar batzuen laguntzarekin Niloko deltaraino sartu ziren libiarren aurka, eta atxilotu zuen azkenean haien buruzagi nagusia. Gerra horien ondoren bere hileta-tenplua eta jauregia eraiki zituen Madinat Habu-n, Tebas-ko mendebalean, bere hilobia antolatu zuen Erregeen Haranean eta eraikuntza berriak bideratu zituen Karnak-en. Bultzada handia eman zien meatzeei loturiko industriari eta administrazioari. Agintaldiaren bukaeran arras zaildu zitzaizkion gauzak eta badirudi estatu-kolpe baten ondorioz hil zela. v Ramses IV.a. Egiptoko faraoia K.a. 1154-K.a. 1148 bitartean. Ramses III.aren semea eta ondorengoa izan zen, XX. dinastiako hirugarren faraoia. Giro guztiz nahasia zen bere garaikoa eta berezki eraikuntza bultzatu zuen Egipto oparoari eusteko. Arazoak izan zituen hasieran, askok zalantzan jarri baitzuen haren faraoi izaera. Amnistia orokorra eman zuen alderdi guztien gogoak baretzearren eta, monumentu zaharretako harriez baliatuta, eraikuntza programa zabal bati ekin zion Tebas-ko hirian (Dayr al-Bahri). Arazo handiak izan zituen, ordea, Elefantinako obretan (egungo Assuan). Sei urte iraun zuen Ramses IV.aren erreinaldiak eta bukatu gabe utzi zituen abiarazitako obra gehienak. v Ramses V.a. Egiptoko faraoia K.a. 1148-K.a. 1144 bitartean. Ramses IV.aren ondorengoa izan zen eta semea ere bai, beharbada. Tebas-ko hiriko eraikuntza lanak jarraitu zituen, bi tenplu berri zabalduz egungo Dayr al-Bahri hirian. Ramses V.a ez zuten ondorengo faraoiaren agintaldiko bigarren urtean baizik hilobiratu; badirudi baztangak jota hil zela, Ramses VI.ak erregetzatik kendu ondoren.  v  Ramses VI.a. Egiptoko faraoia K.a. 1144-K.a. 1136 bitartean. Ramses III.aren biloba, agian, eta XX. dinastiako laugarren faraoia izan zen. Aurreko bi faraoien obrak eta hilobiak desegin zituen eta ez zuen monumentu berririk eraikiarazi. Sinaiko kobre hobiak ustiatu zituen Egiptoko azken faraoia izan zen. v Ramses VII.a. Egiptoko faraoia K.a. 1136-K.a. 1128 bitartean. Ramses VI.aren semea eta ondorengoa izan zen, XX. dinastiako seigarren faraoia. Laboreen garraioari eta merkataritzari buruzko bi papiro-dokumenturi esker ezagutzen da zazpi urte iraun zuela faraoi horren agintaldiak. v Ramses VIII.a. Egiptoko faraoia K.a. 1128-K.a. 1125 bitartean. Hilarri bateko idazkiek eman zuten faraoi horren berri. Ramses VI.aren ondorengotzat jotzen dute aditu batzuek. v Ramses IX.a. Egiptoko faraoia K.a. 1125-K.a. 1107 bitartean. Gatazka zibil larriak izan ziren Egipton faraoi horren garaian. Amenhotep erlijio buruzagia arerio izan zuen eta laboreen prezio handiak guztiz larritu zuen gizarte egoera. Ramses IX-aren hilobia eta momia oso egoera onean aurkitu ziren. v Ramses X.a. Egiptoko faraoia K.a. 1107-K.a. 1098 bitartean. Dokumenturik ez dago ia faraoi horri buruz. Gatazka zibilak handiak izan ziren, aurreko urteetan bezala. v Ramses XI.a. Egiptoko faraoia K.a. 1098-K.a. 1069 bitartean. XX. dinastiako azken faraoia izan zen. Garai hartan, erlijio buruzagiek eta Nubiako erregeordeak gerra zibil latzak eragin zituzten. Tebasko hiriko gizarte sarea guztiz desegin zen eta lapurrek ia guztiz hondatu zituzten Erregeen Haraneko hilobiak. Herihor buruzagi militarra nabarmendu zen 1085. urtetik aurrera, eta Tebas-ko buru bihurtu zen, erlijio buruzagi nagusi. Hil zen eta Piankh semeak hartu zuen haren tokia, Tebas-ko hirian betiere. Nubiako erregeordearen aurka borrokatu zen eta Nubia galdu zuen Egiptok ondorioz. Hogeita zazpi urte iraun zuen Ramses XI.aren agintaldiak, eta Egipto guztiz zatitu zen urte haietan. Smendes XXI. dinastiako lehen faraoia izan zuen ondorengo Egipto Beherean, Tanis zela hiriburua.