Puiu
Nafarroako udalerria (Erriberriko merindadea). Pueyo du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Garinoain eta Leotz; ekialdean, Santsoain; mendebalean, Artaxoa; hegoaldean, Tafalla. Garaiera, 550 m. 20,70 km2. 1999ko datuen arabera, 324 biztanle (puiuarrak). Zidakos ibaia igarotzen da udalerritik. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. XIX. mendean galdu zen euskara. Nekazaritza (garia, garagarra, mahatsa, ardi, zerri eta ahuntz azienda) eta industria (janari industria, zurgintza, eraikuntzarako gaiak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XII. mende hasierako Ama Birjinaren Jasokunde parrokia gotikoa (XVII. mendeko erretaula nagusia barrokoa da), XVII. mendean berritutako Santiago ermita, Zidakos ibaiaren gaineko Erdi Aroko zubia eta XVI-XVIII. mendeetako hainbat etxe. v Historia. Oso hiri zaharra da Puiu, eta, dirudienez, garrantzitsua izan zen antzina. Orba ibarreko herria izan zen, 1845ean bereizi eta udalerria osatu zuen arte.