Pujol, Carlos
Katalan idazlea eta itzultzailea (Bartzelona, 1937). Poeta, eleberrigilea, saiakeragilea, itzultzailea, literatura kritikaria eta literatura irakaslea da. Genero guztiak landu ditu, eta letren munduari buruzko alderdi guztiez arduratu da. Planeta argitaletxean egindako lanagatik nabarmendu da batez ere. Aldi berean, eleberriak, aforismo bildumak, saiakerak, eta literatura kritikako artikulu asko idatzi ditu, ingeles eta frantses idazleen itzulpenak egiteaz gainera. Hori guztia, baina, bigarren mailan geratu zen poesia argitaratzen hasi zenetik, 1980ko hamarraldiaren bukaeran. Izan ere, 1987an, urteetako lan apal eta isilaren ondorioz, poema liburu bat argitaratu zuen, arrakasta handikoa: Gian Lorenzo (1987), bertso alexandrinoetan idatzitako kontakizuna. Zazpi urte geroago argitaratu zuen bigarrena, Desvaríos de la edad (1994), aurrekoaren perfekzio formal berarekin. 1998an haiku bilduma bat argitaratu zuen: Hai-kais del abanico japonés. Urte berean aforismo eta artikulu laburren bilduma bat argitaratu zuen, Tarea de escribir; era askotako gaiak landu zituen liburu horretan: literatura arrakastaren arrazoiak, gustuaren sena, idazteko askatasuna, idazle gazteak, zenbait idazleren pedanteria eta abar. Beste lan aipagarri batzuk: Vidas de poetas (1995); Los aventureros (1996); Conversación (1998).