Puig, Manuel
Argentinar eleberrigilea (General Villegas, Buenos Aires, 1932 - Cuernavaca, Mexiko, 1990). Gutxik bezala agertu du probintzietako giroa, modu kritikoz baina aldi berean samurtasun handiz. Zinema ikasketak egin zituen, Erroman eta New Yorken. Bere lehenengo bi eleberrietan –La traición de Rita Hayworth (1968) eta Boquitas pintadas (1969)– Buenos Airesko erdiko klasearen mitologia sexual eta sentimentalak aztertu zituen, masa kulturetako hizkuntzak erabiliz, zinemarena batez ere, herri abestienaz (tango eta boleroenaz) eta bihotzeko aldizkarietako edota garai hartako irratsaioetako giroaz gainera. 1973an The Buenos Aires Affaire argitaratu zuen, eta 1976an El beso de la mujer araña, Hego Amerikako errepresio politikoaren azterketa argia, bere obrarik ezagunena ziur asko. Azkeneko horretan oinarrituta, film eta antzerki lan bana egin ziren, arrakasta handikoak. Beste lan aipagarri batzuk: Pubis Angelical (1979); Cae la noche tropical (1988).