Puente, Tito
Estatubatuar musikagile eta perkusio jotzailea (New York, 1925 – New York, 2000). Oso ezaguna tinbal jotzaile gisa. Bere ospeaz baliatuta, Latinoamerikako musika zabaldu du Estatu Batuetan, manboa bereziki. Gaztetan piano eta perkusio ikasketak egin zituen. 1930eko hamarraldiaren bukaeran, Noro Moralesen orkestran hasi zen perkusio jotzaile gisa. Gero, musika moldatzaile eta tinbal jotzaile gisa lan egin zuen. Bigarren Mundu Gerra bukatuta, Julliard Musika Eskolan ikasi zuen, latin musikako orkestra onenetan jotzeari utzi gabe. 1949an bere taldea sortu zuen, eta hispaniar entzuleez harago ere arrakasta izandako lehen manboa grabatu zuen: "Albaniquito". Manboa eta dantzarako musika afrokubatarra bi musika molderen nahasketatik sortzen da: jazzaren big bandeko musika tresna eta moldaketa teknikoena, batetik, eta kubatar musikaren erritmo azkarrena, bestetik. 1956-1960 bitartean disko asko grabatu zituen: Cuban Carnival (1956) eta Dance Mania (1958), besteak beste. Hurrengo hamarraldian grabatu zituen abestien artean, "Caramelos" (Pachanga con Puente diskokoa, 1961) eta "Oye cómo va" (El rey bravo diskokoa, 1962) dira ezagunenak. Grammy saria jaso du Homage a Beny (1978), Tito Puente and His Latin Ensemble on Broadway (1983), Mambo Diablo (1985) eta Goza mi timbal (1989) diskoekin. 1990ean musika eskola bat sortu zuen New Yorken.