Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

pueblo

iz. Etnogr. Ipar Amerikako hego mendebaleko indiar herri multzoa, hopi, keres, tano eta zuñi leinuek osatua, bakoitzak bere hizkuntz multzoa duela. Mogollon eta anasazi indiar herrien ondorengoak dira eta Arizonako ipar-ekialdean eta Mexiko Berriko ipar-mendebalean bizi dira. Gaur egun 20.000 dira. X-XII. mendeaz geroztik harrizko etxeetako herrietan bizi izan dira eta hortik datorkie espainiar konkistatzaileek XVI. mendean indiar nomadengandik bereizteko jarri zieten izena. Etxeek hiruzpalau solairu zituzten eta erdian etxarte bat; etxartearen erdian kiva izeneko lurpeko bizileku bat zegoen, maiz aletegi ere bazena. Gaur egun etxeak adobezkoak dira, baina antzinakoen egitura bera dute. Kolonizazioa hasi eta handik mende batera pueblo indiarren biztanleria erdira murriztua zen. 1680an, pueblo herri guztiak espainiarren aurka matxinatu ziren eta hamabi urtez bidali zituzten beren lurraldetik. Aldi labur hori izan ezik bi mende eta erdi egon ziren espainiarren mendean. XIX. mendearen hasieran, Mexikok independentzia eskuratu zuenean, haiek ere burujabe izan ziren. 1848an, Estatu Batuek beretu zuten haien lurraldea, baina autonomia izan zuten. Herri nekazaria da; artoa eta kotoia lantzen ditu batez ere. Emakumeek garrantzi handia dute gizarte antolamenduan, familiaren eta leinuaren buru eta etxeen eta lurren jabe baitira. Oinordekotza amagandik alabagana izaten da. Hala eta guztiz ere aginpidea erlijiozko elkarteetako gizonezko buruzagien batzorde baten esku dago. Izadiko indarrak gurtzen dituzte ospakizun, dantza eta prozesioen bidez; aipagarria da hopien suge dantza, sugegorri bat ahoan dutela dantzatzen dutena. Trebeak dira eskulangintzan: ehungintzan, saskigintzan eta eltzegintzan dihardute eta zilarrezko eta turkesazko bitxiak eta zeramika egiten dituzte.