Pudovkin, Vsevolod Illarionovitx
Errusiar zinemagilea (Penza, 1893 - Mosku, 1953). Kimika ikasketak egin ondoren, 1920ean Zinema Institutuan sartu zen. Gardineren eta Kuletxoven ikaslea izan zen eta haien filmetan parte hartu zuen antzezle eta laguntzaile gisa; antzezlea izan zen bere film batzuetan eta Eisensteinen Ivan Izugarria-n ere. Gorkiren nobela oinarritzat harturik eta Nathan Zarkiren gidoiarekin, Mat (1926, Ama) egin zuen, zine kritikari eta historialarien iritziz “munduko hamar filmik ederrenetakoa”. Filmik bikainenak zinema mutuaren garaian egin zituen: Konec Sankt-Petersburga (1927, San Petersburgoren amaiera), Potomok Cingis-Khane (1928, Gengis Khanen ondorengoa); iraultzari buruzko hiru film horietan maisutasunez erabili zuen aldi berean gertatzen diren ekintzen teknika, Griffithek asmatua. Saiakera asko idatzi zituen zinema-muntaketari buruz eta antzezteari buruz; haren iritzian, zinema-muntaketak sortzen ditu filmaren denbora, espazioa eta erritmoa eta komunikatzen ditu ideiak. Sobietar Batasun ohiko zinema maisu handienetakoa izan zen, Eisensteinekin eta Dovjenkorekin batera. Beste film batzuk: Dezertir (1933, Desertorea), Admiral Nakhimov (1947, Nakhimov almirantea), Vozvrascenie Vassilija Bortnikova (1953, Vassili Bortnikoven itzulera).
- publizitate
- Puccini, Giacomo
- puda
- pudatxa
- pudinga
- Pudovkin, Vsevolod Illarionovitx
- Puebla de Arganzon
- Puebla
- Puebla
- pueblo
- pueltxe