Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Puebla

edo Puebla de Zaragoza. Mexikoko erdialdeko hiria eta Puebla estatuko hiriburua, Popocatepelt sumendiaren oinetan, Mexikoko hiriburuaren eta Veracruz-ko portuaren (Mexikoko golkoa) artean. 835.759 biztanle. Artzapezpiku egoitza. Unibertsitatea. Aireportua. Industria (papergintza, automobilgintza, janari industria, ehungintza, zeramikagintza) da ekonomia jarduera nagusia. Burdinbide eta errepidegune garrantzitsua. Oso ondo gorde ditu Pueblako hiriak espainiarren kolonizazio garaiko eraikinak. Aipagarriak dira, besteak beste, XVI-XVII. mendeetako katedrala, XVI-XVII. mendeetako Santo Domingo eliza, XVII. mendeko Alfeñique etxea (museoa gaur egun) eta Antzoki Nagusia (1790).  v  Historia. 1530. urtean sortu zuten hiria. Estrategia balio handia du, Mexikoko hiriburuaren eta Veracruzko hiriaren artean baitago, eta horregatik Mexikoko kolonizatzaileen jomuga izan zen. Estatu Batuetako armadak hartu zuen 1847. urtean, Mexikoren eta Estatu Batuen arteko gerra zela eta. Gero, frantsesek hartu zuten hiria, baina 1862an alde egin behar izan zuten Ignazio Zaragoza jeneralaren erasoen aurrean. Hala eta guztiz ere, frantsesen esku erori zen berriro ere urtebete geroago eta Frantziaren mende egon zen, 1867an Porfirio Díazek askatu zuen arte.