Puccini, Giacomo
Italiar musikagilea (Lucca, 1858 - Brusela, 1924). Jaioterrian egin zituen lehen musika ikasketak eta ondoren, Milango kontserbatorioan. Maisu izan zituen Bazzini eta Ponchielli. Le villi, Pucciniren lehen opera, 1884. urtean estreinatu zen Milanen. Puccini «verista» da nolabait, gai errealistak eta eguneroko bizitzakoak lantzen baititu operetan, eta dramatismo garratzekoak haietako batzuetan. Pucciniren antzerki sena eta lirismoa garbi agertzen dira idatzi zituen lau opera nagusietan. 1893. urtean arrakasta izan zuen lehen aldiz, Manon Lescaut operarekin, eta musika heldutasun handia erakutsi zuen aldi berean. Hurrengo opera, La bohème (1896), hasieran aurrekoak bezainbesteko arrakasta izan ez bazuen ere, laster izan zen ezagunenetako bat. Ondoren, Tosca (1900) idatzi zuen, guztietan errealistena. 1904. urtean, Madama Butterfly estreinatu zen, musika aldetik oso interesgarria eta egiazko japoniar doinuak dituena. Beste opera batzuk: La fanciulla del West (1910), La rondine (1917), Il trittico (1918). Azken opera, Turandot, Franco Alfanok bukatu eta Toscaninik estreinatu zuen. Azken lanetan, Puccinik tonalitatea hautsi zuen noizbehinka, musikagintza berriaren eraginari jarraiturik, Debussy-gandik hasi eta Schoenberg-enganaino, eta harremanak izan zituen abangoardiako musikarekin.