Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Priestley, Joseph

Ingeles kimikari, filosofo eta teologoa (Fieldhead, Yorkshire, 1733 - Northumberland, Pennsylvania, 1804). Apaiz presbiteriano izateko ikasketak egin zituen. Teologia eta filosofia lan ugari idatzi zituen. Gasak aztertzeko teknikak hobetzen ari zelarik, nitrogeno dioxidoa, amoniakoa, eta berak jakin gabe, bi urte lehenago Scheele-k aurkitu zuen oxigenoa aurkitu zituen. Dotrina ortodoxoen, Ingalaterraren politika kolonialaren eta esklaboen salerosketaren aurkakoa zen. Etxea, laborategia eta liburutegia hondatu zizkioten frantses iraultzaren aldeko zela adierazi zuelako. 1794. urtean Estatu Batuetara erbesteratu zen.