Price, Leontyne
(Jaiotza izenaz, Mary Violet Price). Estatu Batuetako sopranoa (Laurel, Mississippi, 1927). Lagun baten dirulaguntzari esker, New Yorkeko Juilliard eskolan ikasi zuen lau urtez. 1952-1954 urteetan Gershwinen Porgy and Bess operan Bess antzeztu zuen mundu osoan. 1955. urtean Pucciniren Tosca antzeztu zuen telebistan; hura izan zen kantari beltz batek telebistan abestu zuen lehen aldia. 1957. urtean San Franciscoko operan abestu zuen lehenengoz. Garai hartako soprano liriko famatuen bihurtu zen Estatu Batuetan. 1959. urtean Vienan egin zuen aurkezpena arrakasta handiz, eta Milango Scalan hurrengo urtean. 1961. urtean Metropolitango opera etxean egin zuen aurkezpena Verdiren Il trovatore operako Leonora antzeztuz. Harrez gero Metropolitango soprano nagusietakoa bihurtu zen. Haendel, Mozart, Verdi, Bizet eta Puccini izan dira Priceren errepertorioko musikagile nagusiak.