Portugalete
Bizkaiko iparraldeko udalerria, Ibaizabal ibaiaren ezkerraldean (Ezkerraldea). Mugak: iparraldean, Santurtzi eta Ibaizabal ibaia, ekialdean, Ibaizabal ibaia, Leioa eta Sestao, mendebalean, Santurtzi eta Ortuella eta hegoaldean, Trapagaran eta Sestao. Garaiera, 6 m. 3,10 km2. 1997ko datuen arabera, 53.699 biztanle (portugaletetarrak). Euskara, bizkaiera; biztanleen euskara maila 1996an: 6.030 euskaldun, 11.358 ia-euskaldun eta 35.917 erdaldun. Industrian (altzairugintza, makina-erreminta, eraikuntza, zurgintza, ehungintza, kimika industria; langileen % 65) eta zerbitzuen alorrean (oinarrizko zerbitzuak, administrazioa, irakaskuntza, banketxeak, dendariak; langileen % 33) oinarritua da ekonomia jarduera nagusia. Aipagarriak dira XVI. mendeko Santa Maria parrokia eliza gotikoa, XIV. mendeko Salazartarren dorretxea, udaletxe arkupeduna eta Víctor Chávarri ingeniariaren omenez eginiko monumentua. v Historia. 1322. urtean jaso zituen, Maria Diaz Harokoa Bizkaiko andrearen eskutik, hiri-gutuna eta Logroñoko foruen bidez gobernatzeko baimena. Leinu garrantzitsuak bizi izan ziren Portugaleten Erdi Aroan, eta gatazka ugari gertatu ziren haien artean. XVI. mendetik XIX. mendea arte merkataritza eta arrantza portu garrantzitsua izan zen Portugalete. Industrializazioak, burdinbidea iristeak (Bilbo-Portugalete, 1886), Abrako zabaldegi lanek eta Areetako herriarekin lotzen duen zubi esekiak (1893) demografia hazkundea eragin zuten XIX. mendeaz geroztik. 5.182 biztanle zituen 1900. urtean; 7.629 biztanle 1920an; 10.612 biztanle 1940an; 22.584 biztanle 1960an; 55.017 biztanle 1975. urtean eta 57.794 biztanle 1986. urtean.