portu
iz. Itsasontziak babes hartzeko edo karga hartu edo uzteko leku egokia, berezkoa nahiz eraikia. v Portu guztiak, hala berezkoak nola gizonak eraikiak, itsasontziak babesean hartzeko tokiak dira; portuak, ordea, ur barea izateaz gainera, behar adinako ur sakonera behar du izan, itsasontziek hondoa jo ez dezaten, eta tresna egokiak behar ditu zamak ontziratu eta lehorreratzeko. Portu batzuk jarduera bakarrerako –edo bitarako– prestatuak daude; halakoak dira, esaterako, Euskal Herriko arrantza portu gehienak. Baina portu handi asko hainbat partetan banaturik egoten dira kai edo nasen bidez; hala, alde batean merkataritza portua izaten da, eta beste batean arrantza edo kirol portua. Euskal Herriko portu guztiak berezkoak dira eta itsasertzeko ezaugarrietara moldatuak daude denak; horregatik, kostaldea itsasora irekia dagoelako eta haize nagusiek ipar-mendebaletik jotzen dutelako, portu gehienak lurmutur edo muino baten gerizean kokatuta daude ekialdera begira, itsasoko haizeetatik babestearren. Euskal Herriko portu gehienak arrantza portu txikiak badira ere, hiru merkataritza portu handi dira: Bilbokoa, Pasaiakoa eta Baionakoa.