Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Portugal

(Izen ofiziala, Portugalgo Errepublika; Portugesez, República Portuguesa). Europako hego-mendebaldeko estatua, Iberiar Penintsularen mendebaldean, Iberiar Penintsulako lurraldeez gainera, Madeira eta Azore uhartediak ere bere eskumenean dituena. 92.389 km2 eta 10.617.575 biztanle (portugaldarrak). Mugak: iparraldean eta ekialdean, Espainia; mendebaldean eta hegoaldean, Ozeano Atlantikoa. Hiriburua: Lisboa (564.477 biztanle). Hiri nagusiak: Porto, Amadora, Guimaraes. Hizkuntza ofiziala: portugesa. Erlijioa: katolikoak, % 95,8; besteak, % 4,2. Etniak: europarrak, % 94,7; afrikarrak, % 1,2; amerikarrak, % 0,5. Dirua: euroa.  v  Orografia eta hidrografia. Portugalgo lurraldean bi alderdi nagusi daude, bai egituraz bai klimaz, Tejo (Tajo) ibaiak bi erditan bereiziak: Tejo ibaitik iparraldera dagoen erdia mendiez eta ibar sakonez osatua da gehienbat, eta hegoaldeko erdia, berriz, garaiera txikiko muinoez eta ordokiez. Halaber, Portugalen mendean daude Madeira eta Azores uhartediak, eta baita ere, 1999 arte, Txinaren hego-mendebaleko itsasaldeko Macau, merkataritza libreko portua.  v  Iparraldea, Galiziako mugaren eta Douro (Duero) ibaiaren arteko lurraldea, menditsua da, 1.500 m inguru garai diren mendizerrez osatua eta ibar sakonez hautsia. Douro eta Tejo ibaien artean lurraldearen batez besteko garaiera are handiagoa da: 600 m Douro Garaian eta 1.000 m Guarda-ko goi ordokian. Ibar hondoak ordea itsas mailan daude ia-ia. Alderdi horretan Iberiako Iparraldeko goi-ordoki zabala hedatzen da, eta alderdi batzuetan, Iberiako Erdialdeko Mendikatearen mendebaleko adarra osatzen duten mendizerrak nabarmentzen dira. Horietako batean dago, Estrela mendizerran hain zuzen ere, Portugalgo mendi garaiena, uharteetakoez landa: Estrela mendia, 1.993 m. Tejo ibaitik hegoalderako lurraldea (Alentejo) ordokiez eta muinoez osatua dago. Alderdi horretan lurraldearen garaiera 400 m-tik beherakoa da, ipar-ekialdeko muga inguruko San Mamed mendietan izan izan ezik(1.025 m). Hegoalde-hegoaldean, Caldeirao eta Monchique mendiek (900 m inguru) Algarve itsasaldeko ordokia babesten dute iparraldeko haizeetatik. Portugalgo itsasbazterra 845 km luze da. Iparraldeko erdian zelaia, zuzena eta hareatsua da, eta Porto hiritik hegoaldera zabalduz doa Beira lurraldean barrena. Alderdi batzuetan aintzira txikiak eratu dira. Carvoeiro lurmuturretik hegoaldera berriz hautsiagoa da. Algarveko kostako mendebalean labartsua da, eta ekialdean berriz hareatsua eta zelaia.  v  Iberiar Penintsulako ibai nagusietako batzuek Portugalgo lurraldea zeharkatzen dute ura Ozeano Atlantikoan isuri baino lehen: Minho (Miño), Douro, Tejo eta Guadiana. Minho ibaiak Galizian du sorburua, eta bere ibilguaren behe aldean bi herrialdeen arteko muga egiten du. Douro ibaiak 600 m-ko gainbehera du Gaztelako goi-ordokia eta bere ibilbideko ibar sakonaren hondoa artean. Tejo ibaia, Iberiar Penintsulako ibai handiena, mendi-zintzur luze baten bidez sartzen da Portugalera; bokaletik hurbil, Paja itsasoa deritzan estuario zabala eratzen du, eta ontziz ibil daiteke bokaletik Abrantes hiriraino. Guadiana ibaiak Espainiaren eta Portugalen arteko muga lerroa eginten du bi zatitan. Portugalen bertan sortzen diren ibai eta ibaiadarren artean aipagarriak dira , iparraldetik hegoaldera, Vouga, Mondego (225 km), Zezere (220 km) eta Sado (150 km) ibaiak.  v  Uharteak. Madeira uhartedia (794 km2), sumendi jatorrikoa eta oso menditsua da (Ruivo mendia, 1.861 m). Klima gozoa eta egonkorra du. Portugaldik 1.000 km-ra dago. Sumendizko Azore uhartedia (2.247 km2) Iberiar Penintsulatik 1.500 km ingurura dago. Klima epel hezea du. Han dago Portugalgo mendi garaiena, Pico sumendia (2.320 m), izen bereko uhartean.  v  Klima eta landaredia. Portugalgo klima Ozeano Atlantikoaren eraginpean dago eta, oro har, samurra da: euritsua eta epela iparraldean eta lehorra eta oso beroa hegoaldean. Ozeanoaren eragina nabarmenagoa da itsasaldean, udako beroak eta neguko hotzak samurtzen baititu. Ipar-ekialde menditsuan hotz-beroak gorabehera handiagoak ditu: udak laburrak dira eta neguan elurra eta izotza izaten da. Hegoaldera ahala, klima mediterraneoa nagusituz doa, eta Algarvek Mediterraneoko klima du bete-betean, oso uda bero eta negu epelekin. Euri askoz gehiago izaten da iparraldean hegoaldean baino. Batez beste 500 mm euri izaten dira urtean, 2.500 mm iparraldeko mendietan, eta 500 mm baino gutxiago sei-zazpi hilabetez guztiz lehorra den Algarven.  v  Zuhaiztiek lurraldearen heren bat hartzen dute gutxi gorabehera. Itsasaldeko alderdi hareatsuetan pinudiak eta eukalitu zuhaiztiak landatu dira. Halaber, iparraldeko mendietan pinuak dira nagusi. Hegoaldea berriz landaredi mediterraneoak hartzen du: olibondoak, artea, artelatza… Mahastiak eta almendrondoak lurralde osoan daude, ipar-ekialdeko mendietan izan ezik, baina ugariagoak dira hegoaldean. Algarven, Mediterraneo motako basoa galdu den alderdietan, sastrakadi trinkoak hartu du haren tokia.  v  Biztanleak. Portugalgo biztanleen artean etnia batasun handia dago, biztanle gehien-gehienak portugaldarrak baitira, eta horrenbestez, Portugal da munduko herrialderik homogeneoetako bat hizkuntzari, erlijioari eta kulturari dagokionez. 1990eko hamarraldia arte herrialde aski atzeratua zen, eta hori nabarmentzen zen, besteak beste, demografiari buruzko datuetan, baina azken urteotan zenbait aldaketa eta hobekuntza gertatu dira, eta ari da pixkanaka Europako neurrietara hurbiltzen, adibidez haurren heriotza tasari dagokionez (mila jaiotzako 80 heriotzatik 9ra jaitsi da), familien neurriari dagokionez, bizi itxaropenari dagokionez, etab. Portugalgo biztanleen bizi itxaropena 75 urtekoa zen batez beste 1996an. Garai batean jaiotza tasa oso altua zuen arren, gaur egun biztanle kopuruaren hazkundea negatiboa da, % 0,13koa 1999. urterako aurreikuspenen arabera. Bestalde, Portugalgo biztanleen urbanizazio tasa oso bizkor ari da igotzen (% 60ra igo da), nahiz eta oraindik ez den Europako beste zenbait herrialdetakoa bezain handia. Eta biztanleen banaketari dagokionez, Portugalgo alderdi jendetsuenak erdialdeko eta iparraldeko kostaldeak dira; biztanleen % 70 bizi da inguru horietan gutxi gorabehera. Osasun eta hezkuntza mailari dagokionez, herrialde garatuen saileko herrialdea da (Nazio Batuek 1994rako prestaturiko txostenaren arabera), baina Europar Batasuneko atzeratuena da oraindik. 1998an legebiltzarrak abortua legeztatu zuen; ordu arte urtean ezkutuko 16.000 abortu egiten zirela diote zenbait iturritatik bildutako datuek.  v  Ekonomia. 1990. urtea arte Europako herrialde pobreenetakoa izan zen Portugal, baina azken urteotan hazkunde handia izan du bertako ekonomiak, batez ere Europar Batasunaren aldetik jasotako laguntzari esker, nahiz eta bera den, Greziarekin batera, Europar Batasuneko herrialderik atzeratuena. Dena dela, Europako herrialde guztietan Portugal da hazkunde handiena izan duena (% 4,5 batez beste azken urteotan), eta ekonomiaren hazkundearekin batera aipagarria da azken urteotako interes tasen jaitsiera eta langabezia tasaren murrizketa; badira, hala ere, zenbait datu ez hain pozgarri, Europako herrialdeen batez bestekoa baino biztanleko nazio produktu gordin apalagoa izatea, adibidez. 1998. urtean Europar Diru Batasunean sartzeko maila iritsi zuen Portugalek, eta Europar Diru Batasunean sartu zen 1999an (2002an desagertuko da ezkutua eta sartuko da indarrean euroa). 1998ko inflazio tasa % 2,8koa izan zen (aurreko urteetan % 7ra iritsi zen), txiki samarra, Europako gainerako kide gehienena baino garaiagoa, halere. Portugalek galerak ditu merkataritzan, eta ordainketa balantzan defizita du. Gobernua ahaleginak egiten ari da herrialdea modernizatzeko eta munduko merkatuetan txertatzeko. 1999. urterako aurreikuspenen arabera, ekonomiaren hazkundea % 3koa izango zen, aurreko urteetakoa baino apur bat txikiagoa, inbertsio publikoen gainbeheraren eraginez eta esportazio eskaeren murrizketa zela-eta.  v  Zerbitzuen alorrak ematen du Portugalgo barne produktu gordinaren parterik handiena, eta hura da langile gehien hartzen dituen jarduera (barne produktu gordinaren % 60 eta langileen % 56, 1998an); hurrengo jarduera aipagarriena industria da (oihalgintza eta ehungintza, arrain kontserba, ardogintza, larrugintza), azken urteetan nahiko modernizatu dena. Nekazaritza ere egiten da (patata, mahatsondoak, olibondoak, garia, artoa) baina ekoizpena urria da, urriena Europako herrialdeen artean, eta ez ditu biztanleriaren beharrizanak asetzen, nahiz eta zenbait aurrerapen egin diren alor horren modernizazioaren bidetik. Munduko artelazki ekoizle handiena da. Eta garrantzizko jarduera da, halaber, arrantza, batez ere sardinarena, bakailaoarena eta itsaskiena.  v  Gobernua eta gizartea. Portugal errepublika bat da. 1976an idatzi zen gaur egun indarrean den konstituzioa, eta 1997an berridatzi zen. Errepublikako lehendakaria bost urtez behin aukeratzen da; bera da estatuburua, aginpide betearazlearen buruzagia, eta hark izendatzen du Lehen Ministroa, herrialdearen administrazio buruaren zereginak betetzen dituen karguduna. Lehen Ministroak kontseilu ministroaren laguntzarekin agintzen du. Aginpide legegilea Biltzarraren esku dago, eta haren onespena behar du gobernuak bere jardueran aurrera egiteko. Lurralde banaketari dagokionez, Portugal 18 barrutiz osatutako 11 probintziatan dago banatua. Azore eta Madeira uhartediek, bestalde, autonomia dute, eta zeinek bere erakunde legegile eta betearazleak ditu. Azkenik, 1999. urte amaiera arte Portugalen kolonia izan zen Macau (Txinako hegoaldeko kostaldeko lurraldea), baina Txinarekin lorturiko hitzarmen batek agintzen zuen bezala, Txinaren esku gelditu zen.  v  Kultura. Historian zehar Portugalgo kulturak beste herri eta kultura batzuetako eragina izan du. Erromatarren arkitekturaren aztarnak daude adibidez Evoran, eta arabiarren hiri antolaketa ikus daiteke Algarveko herri batzuetan. Halaber, estilo erromanikoko elizak daude toki askotan (Bragako eta Lisboako elizak, adibidez), baita gotikokoak ere. XV. mendearen bukaeratik XVI.aren erdialdea arte Portugalgo bertako apaindura mota bat nagusitu zen: manuelinoa (izen hori Emmanuel I.a erregearen omenez duena). Manuelinoak gotiko estiloko eraikuntzak apaindura oparo deigarriez hornitu zituen, itsasoko gaiak erabiliz: itsas landareak, sareak, oskolak, belak… Estilo horretakoak dira, adibidez, Belemgo dorrea, Lisboan, eta Batalhako monasterioa. XVII. mendeko eta geroko etxe-aurrealde askoren ezaugarri nagusia, berriz, azulexu zuri-urdinez apainduak izatea da. Literaturan, Luis de Camoe~s (1524-1580) Portugalgo Errenazimentuko olerkari epikoa gailendu zen XVI. mendean. Haren Os Lusiadas (1572, Lusoren ondorengoak edo Portugaldarrak) Portugalgo poema nazional bihurtu zen. Prosazko literatura XIX. mendean sendotu zen, José María Eça de Queirós (1845-1900) eleberrigile errealistarekin. Portugalgo XX. mendeko literatura Fernando Pessoa olerkari modernistaren (1888-1935) eragin eta itzalpean egon da. Aipagarriak dira, beste idazle batzuen artean, Miguel Torga, José Saramago eta Eugénio de Andrade poeta. XV. mendean Nuño Gonçalves margolariak Portugalgo margolaritzaren gailurra jo zuen, eta XX. mendean Elena Vieira da Silva gailendu da. Portugalgo herri musikan aipagarria da fado izeneko kantu mota.  v  Historia. K.a. VI. mendean Europako erdialdeko herri zeltak gaur egun Portugal den lurraldearen iparraldeko erdian finkatu eta bertako biztanleekin nahastu ziren. Haien ondorengoak, lusitaniarrak, gogor borrokatu ziren erromatarren konkistari aurre egiteko, baina K.a. 61. urtean Julio Zesar (K.a. 100-44) jeneralaren gudarosteek Lusitania mendean hartu zuten. Erromatarrek oso eragin handia izan zuten lurraldean. K.o. V. mendean sueboak eta alanoak sartu ziren, baina gero bisigodoen mendean geratu ziren. 711. urtean arabiar osteak Iberiar Penintsulan lehorreratu zirenean bisigodoen inperioa suntsitua izan zen.  v  Portugalen sorrera. X. menderako Asturias eta Leongo erregeek Mondego ibaiaren iparraldeko lurraldea eskuratua zuten, eta Portugalgo konderria sortu zuten, Asturias-Leongo erreinuaren agindupean. 1905ean Alfontso VI.a Leon eta Gaztelako erregeak (1040-1109) Portugalgo konderria eman zion Henrike Burgundiakoari, ezkonsari gisa, Teresa bere alabarekin ezkondu zenean. Teresa eta Henrikeren semeak, Alfontso Henriques-ek, musulmanei irabazi zien Ourique-ko guduan (1119) eta lurralde osoa bere mendean geratu zen, Algarve izan ezik. Handik gutxira, Leongo eta Gaztelako erregeetatik bereizirik, Portugalgo errege izendatu zuten: Alfontso I.a (1139-1158). Alfontso III.ak (1248-79) musulmanak egotzi zituen Algarvetik. Fernando I.a Ederra Portugalgo erregea 1383an hil zenean ondorengotza guduak izan ziren: nobleziak Joan I.a Gaztelako erregearekin ezkondua zegoen Fernando I.a Ederraren alaba, Beatriz, ezarri nahi izan zuen aginpidean, baina burgesiak eta nekazariek berriz Joan Avizkoaren alde egin zuten. 1385. urteko abuztuaren 14an, Joan Avizkoaren gudarosteak Gaztelako eta Portugalgo nobleziaren parte handi baten gudarosteak suntsitu zituen Aljubarrota-ko guduan. Hala, Portugalek burujabetasun osoa erdietsi zuen Joan I.a Handia (1358-1433) erregearen aginpidean.  v  Itsas bidaia handiak. Aljubarrotako guduak nobleziaren gainbehera eta burgesia eragile baten gorakada ekarri zituen. Joan I.a erregearen semeak, Henrike Itsasgizona printzeak, europarren konkistei eta mundu berri baten antolakuntzari bide eman zioten itsas bidaia handiak eragin zituen Atlantikoan. 1415. urtean portugaldarrek Ceuta konkistatu zuten. 1419an Madeira uhartedia aurkitu eta hartu zuten, 1427an Azoreetara iritsi ziren, eta 1456an Cabo Verde-ra. Joan II.a (1481-1495) eta Emmanuel I.a (1495-1521) erregeen aginpidean, Afrikako iparraldeko lurraldeak konkistatzeari utzirik, portugaldar itsasgizonak, salerosleek nahi bezala, Indiarako bidea aurkitzen saiatu ziren Afrika hegoaldetik. 1488an Bartolomeu Dias itsasgizonak «Ekaitzen Lurmuturra» (gaur egungo Esperantza Oneko Lurmuturra) inguratu zuen, eta hamar urte geroago, Vasco de Gama Indiara iritsi zen. 1500. urtean Pedro Alvares Cabral Brasilera iritsi zen. 1506an Ormuz hartu zuten, 1510ean Goa, 1511n Malaca, 1518an Zeilan (Sri Lanka), 1543an Japoniara iritsi ziren, eta 1557an Macaura. XVI. mendearen erdialderako Portugalek Europako beste edozein herrialdek baino lurralde gehiago hartuak zituen Afrikan, Ozeano Atlantiko zein Indiako Ozeano aldeko kostaldeetan, Indian, Asiako hego-ekialdeko uhartedietan, Txinan eta Japonian. Ekialdeko Indiarekiko merkataritza, espezieen salerosketan oinarritu zena, oso onuragarria izan zen Portugalentzat.  v  Espainia eta Portugal koroa baten pean: 1581-1640. Sebastian erregeak (1557-1578) Afrika iparraldearen konkista hasi zuen berriz ere, baina mairuek Alcazarquivir-ko borrokan hil zuten. Ondorengorik ez zuenez, Filipe II.a Espainiako erregeak Portugalgo koroa beretzat eskatu zuen. Berriz ere herria bitan zatitu zen: noblezia Espainiako erregearen alde eta herria Antonio, Crato-ko priorearen alde agertu ziren. Espainiako gudarosteak erraz menderatu zituen aurkariak, eta Filipe II.a Portugalgo errege izendatu zuten Tomar-eko gorteetan (1581), Filipe I.a Portugalgoa izenarekin. Batasunak 60 urte iraun zituen, eta denbora horretan hasi zuen Portugalek gainbehera, holandar eta ingeles gero eta indartsuagoen aurkako lehian. Holandak eta Ingalaterrak Portugalen koloniei eraso egin zieten, merkataritza eragotzi zioten, eta Brasilgo kostaldearen parte bat kendu zioten. 1640ean, Kataluniako matxinada zela eta, erregeak Portugali laguntza eskatu zionean portugaldarrek uko egin zioten eskaera hura betetzeari. Hala, noblezia eta burgesia, Braganzako dukearen gidaritzapean bat eginik, Espainiaren aurka matxinatu ziren. Abenduaren 15ean Braganzako dukea Portugalgo errege izendatu zuten: Joan IV.a (1640-1656). Filipe IV.ak, ahaleginak ahalegin, ez zuen galdutako lurraldea berriro irabazterik izan. 1668an Espainiak Portugalen burujabetasuna ezagutu zuen.  v  XVII. mendearen erdialdetik aurrera Portugalen nagusitasuna Asian desegin egin zen, hango herrien suspertzearen eta, batez ere, holandar gero eta indartsuagoen erasoen aurrean. Hala, Portugalen eta ekialdeko Indiaren arteko merkataritza harremanak ahulduz joan ziren. Aitzitik, Brasilek gero eta garrantzi handiagoa izan zuen Portugalgo ekonomiarentzat. Brasilgo azukre, urre eta diamanteen salerosketari esker Portugalek urte oparoak izan zituen berriz ere. Nolanahi ere, Portugalen ekonomiak ez zuen hobekuntza nabarmenik izan, oparotasun hura ez baitzen herriaren modernizazioa bideratzeko erabili. Halaber, Portugalen ahalmen militarra urria zen, eta bere burujabetasuna eta koloniak gordetzeko Ingalaterrarari lotu zitzaion politikan eta ekonomian. Josef I.a erregearen agintaldian (1750-1777) Pombal-eko markesa gailendu zen. Erregeak esku handia eman zion Pombali eta hark despotismo ilustratuaren politika bideratu zuen Portugalen. Pombalek Elizaren ahalmena mugatu zuen, erregearen aurka zegoen nobleziari aurre egin zion, 1755ean lurrikarak suntsitutako Lisboa berirro eraikiarazi zuen, jesuitak kanporatu zituen (1759), erreformak bideratu zituen gudarostean eta hezkuntzan… 1792an Maria I.a erreginak (1777-1816) bere kargua utzi zuen adimen eritasun baten kariaz, eta haren seme Joanek bete zuen erreginaren tokia 1816an errege egin zuten arte. Portugalek ez zuen, Europako beste herrialde batzuek bezala, Frantziak Ingalaterrako ekonomia suntsitzeko hari ezarritako blokeoaren politika betetzen. Hortaz, Napoleonek, Espainiarekin Portugalen partiketa hitzartu ondoren, Portugal konkistatzea erabaki zuen. 1807an frantses gudarosteak, Junot mariskalaren gidaritzapean, Espainian barrena Portugalen sartu ziren. Portugalgo errege-familia eta gorte osoa Lisboan itsasoratu eta, Ingalaterreko itsas gudarostearen babesean, Brasila ihes egin zuten. Portugaldarrak eta espainiarrak frantsesen kontra matxinatu ziren. Handik gutxira, Ingalaterrako Wellington dukeak frantsesei hiru gudutan irabazi ondoren Portugaletik kanpora egotzi zituen.  v  XIX. mendea: Portugalen gainbehera. 1820an, matxinada militar baten ondorioz liberalismoa nagusitu zitzaion absolutismoari. Joan VI.a 1821ean itzuli zen Portugalera eta konstituzio liberal bat onartu behar izan zuen 1882an. Brasil Joanen seme Petriren agindupean geratu zen. Petri I.ak Brasilen burujabetasuna aldarrikatu zuen 1822ko irailaren 7an eta bere burua enperadore izendatu zuen. Portugalek 1825. urtean ezagutu zuen Brasilen burujabetasuna. Joan VI.a 1826an hil ondoren, XIX. mende osoan zehar, liberalen eta absolutisten arteko borrokak izan ziren, ekonomiaren krisi larri batekin batera. Petri V.a (1853-1861) eta Luis (1861-1889) erregeen aginpidean Portugalgo alderdi politiko nagusiek txandaka gobernatu zuten, eta istiluak, zertxobait bederen, baretu ziren. Karlos I.aren agintaldian (1889-1908) errepublikaren aldekoek gero eta indar handiagoa hartu zuten. 1908ko otsailaren lehenean errepublikazale batzuek Karlos erregea eta haren ondorengoa, Luis Filipe, hil zituzten atentatu batean. Emmanuel II.a izendatu zuten errege (1908-1910).  v  Errepublika: 1910-1926. 1910. urteko hauteskundeetan errepublikazaleak atera ziren garaile Lisboan eta Porton. Urriaren 4an iraultza hasi zen eta Emmanuel II.a Britainia Handira erbesteratu zen. 1911n errepublika konstituzioa onartu zen. Hala ere ezegonkortasuna zen nagusi Portugalgo ekonomian zein gizartean. Portugalek 50.000 soldaduz osatutako gudaroste batekin parte hartu zuen Lehen Mundu Gerran. Ekonomiaren egoerak okerrera egin zuen, baina Portugalek bere koloniak gorde ahal izan zituen. 1926an Gomes de Costa jeneralak estatu kolpea jo eta errepublika desegin zuen.  v  Salazar aginpidean: 1932-1970. Ia hurrengo 50 urteetan Portugalek ez zuen demokraziarik ezagutu. Estatu kolpetik hilabete gutxira Antonio Oscar de Fragoso Carmona jeneralak hartu zuen aginpidea. 1928an lehendakari izendatu zuten, eta kargu hari eutsi zion 1951n hil zen arte. Carmonak Portugalgo finantza arazoak konpondu nahi zituen. Hala, esku handia eman zion Antonio de Oliveira Salazar, Coimbrako unibertsitateko ekonomia irakasleari. Harrezkero, Salazar Portugalgo agintari nagusia izan zen. 1932tik aurrera Finantza ministro eta Lehen Ministro izan zen, eta Gerra eta Kanpo Arazoetako ministro 1936tik 1947ra. Salazar-ek konstituzio berri bat eginarazi zuen, 1911. urtekoaren ordez, eta korporatibismoan oinarritu zuen bere politika, Italiako faxismoaren eraginpean. Salazar-ek bat egin zuen Franco diktadorearekin Espainiako Gerra Zibilean, eta Bigarren Mundu Gerran Azore uharteak utzi zizkien Britainia Handiko eta Estatu Batuetako gerra-hegazkinei. Bien bitartean, Portugalen koloniatan, burujabetasunaren aldeko higikundeak hasi ziren, Portugalgo gobernuak gogor zapaldu zituenak. Indiak Goa, Damão eta Diu hartu zituen 1961ean eta Afrikan, berriz, Angolan eta Mozambiken, gerrilla gerrak hasi ziren. 1968an, Salazar ezindurik, Marcelo Caetano-k hartu zuen haren tokia. Caetano Portugalgo sistema politiko ekonomikoa biguntzen ahalegindu zen. 1970etik aurrera Portugalek ez zuen kolonietako gerra gogor luze hari eusteko bitartekorik ez ahalmenik, eta krisi latz batean murgildua geratu zen.  v  Apirilaren 25a: Krabelinen Iraultza. 1974ko apirilaren 25ean ofizial gaztez osatutako talde batek, gobernuaren aurka matxinatu, eta Junta de Salvação Nacional batzordea sortu zuen, Antonio de Spínola jeneralaren ardurapean. Batzorde hark oinarrizko eskubideak eta demokrazia ekarri zituen Portugalera. 1975ko apirilaren 25ean Legebiltzarrerako lehendabiziko hauteskunde libreak egin ziren Portugalen. Alderdi sozialista, zentro-ezkerrekoa, eta Herri Alderdi Demokratikoa, zentro-eskuinekoa, atera ziren garaile. 1976an konstituzio berria onartu zen. Mario Soares sozialistak gobernua osatu zuen eta António Ramalho Eanes jenerala izendatu zuten errepublikaren lehendakari. Bestalde, Angolak eta Mozambikek burujabetasuna lortu zuten. 1982an konstituzioa berritu egin zen: lehendakariaren ahala murriztu zen, eta gudarosteari demokrazia bideratzeko ardura kendu zitzaion. Hurrengo urtean Alderdi Sozialistak irabazi zituen hauteskundeak eta Mario Soares hautatu zuten berriro gobernu buru. 1985ean Aníbal Cavaco Silva sozial-demoratak hartu zuen Soaresen tokia. 1986an, ezkerraren laguntzarekin, Soares errepublikako lehendakari aukeratu zuten. Urte berean Portugal Europar Batasunean sartu zen. Cavaco Silvaren aginpidean Portugalgo ekonomiak aurrerapen handia egin zuen. 1991. urteko hauteskundeetan Mario Soares lehendakari sozialdemokrata atera zen irabazle, eta urte hartako hauteskunde orokorretan sozialdemokratek lortu zuten, berriro ere, gehiengoa. Soaresek, beraz, bi agintaldiz iraun zuen lehendakaritzan, eta etengabeko agintari aldaketa eten izanak egonkortasuna eman zion Portugalgo politikari. Soaresen agintaldiaren ezaugarri nagusiak ekonomiaren liberalizazioa eta Europako integraziora begirako politikak aurrera eraman izana dira; ahalegin horretan aipagarriak izan ziren Cavaco Silva Lehen Ministroaren ekimenak, baina askoren iritziz zorrotzegi jokatu zuen eta zegokiona baino eskumen handiagoa bereganatu zuen. Sozialdemokraten politikaren emaitzetan azpimarratzekoak dira 1986. urtean Portugal Europar Batasunean sartu izana, 1992ko lehen sei hilabetekoan Portugalek lortu izana Europar Batasunaren lehendakaritza eta urte bereko apirilean ezkutua Europako Diru Sisteman sartu izana. Abenduan, bestalde, Portugalek Maastricht-eko hitzarmena berretsi zuen. Portugal Europar Batasunean sartu zenez gero, eta Europatik iristen ziren laguntzei esker bereziki, aurrerapen handiak egin ziren ekonomian, baina ekonomia hobetzearekin batera gizarteko giroa nahastu egin zen bitarte hartan, zenbait berrikuntza (pribatizazioak, ekonomia politika berria), Europako merkatu batuaren eskakizunak eta haren aurreko kezkak zirela-eta, besteak beste; horrela, ikasleen manifestazioak izan ziren hezkuntza sistemaren kontra, zerbitzuetako langileen protestak soldata igotzeko eskatuz, medikuen greba osasun zerbitzu batzuen pribatizazioaren kontra… Azkenik, 1995. urtean, hamar urtez zentro-eskuineko Alderdi Sozial Demokrata agintean egon ondoren, Alderdi Sozialistak irabazi zituen legebiltzarrerako hauteskundeak; azken urteetan osasunaren eta hezkuntzaren alorrean sortu ziren gorabeherekin kezkatuta zeuden hautesleen botoari esker lortu zuen garaipena. António Guterres izendatu zuten Lehen Ministro, eta, 1996. urteko hauteskundeak irabazi ondoren, Jorge Sampaio sozialistak eskuratu zuen errepublikako lehendakari kargua. Harrezkero, sozialistek ordu arte sozialdemokratek egindako bideari jarraitu diote, oro har, Europara begirako politika eginez eta pribatizazioak aurrera eramanez, baina osasungintzan, hezkuntzan eta gizartean gastuak igotzea lortu dute. Bi arazo larriri aurre egin behar izan die gobernuak: batetik, langabezia murriztea, eta bestetik, eskualdekako banaketa, eta banaketa horren arabera administrazio erakunde berriak antolatu beharra, hainbat alderditan neurri horiek eragin duten kontrako jarrera gaindituz (izan ere, 1998an erreferenduma egin zen eta atzera bota zen Portugalen 8 administrazio barruti autonomiko osatzeko proposamena). Dena dela, Alderdi Sozialistak etekina atera dio ekonomiaren emaitza onei, Portugalen euroa sartzeko aukerari eta oposizioko alderdien ahultasunari. Alderdi Sozialistaren mesederako gertatu zen, halaber, 1998ko Erakusketa Unibertsala egiteko Lisboa aukeratu izana, nahiz eta erakusketaren ondoren zenbait eskandalu sortu diren negozio ustelak direla-eta. 2001eko hauteskundeetan Sampaiok berretsi egin zuen kargua eta oso erraz irabazi zituen hauteskundeak. Hurrengo urtean, ordea, aurreratu egin behar izan zituen hauteskundeak, batetik alderdi ekonomikoan egindako aurrekuntza eskasen ondorioz, eta bestetik, alderdi sozialistaren kontra etengabeak zirelako korrupzio salaketak. 2002ko hauteskundeetan Manuel Durão Barroso hautagai sozialdemokratak irabazi zituen hauteskundeak, eta gobernu koalizioa osatu zuen eskuinekoekin. Besteak beste, gastu publikoa gutxitu egingo zuela eta estatuko zenbait zerbitzu pribatizatu egingo zituela agindu zuen, osasuna barne. 2004. urtean Durão Barrosok Lehen Ministro kargua utzi eta Europar Batzordeko lehendakari bihurtu zen. Horrek ezegonkortasun politiko handia eragin zuen, eta ondorioz, Sampaiok parlamentua desegin eta hauteskundeetarako deia egin zuen. Alderdi Sozialistak irabazi zuen eta José Sócrates izendatu zuen Lehen Ministro. 2006ko hauteskundeetan, berriz, eskuin-erdialdeko Aníbal Cavaco Silva hautagaiak irabazi zituen hauteskundeak, baina lehendakari berriak gobernu sozialistarekin lankidetzan jarduteko asmoa azaldu zuen. Nazioarteko politikari dagokionez, azkenik, Macau Txinaren esku uzteko hitzarmena sinatu zuen Portugalek, eta istiluak izan ditu Indonesiarekin, Timor Ekialdekoaren burujabetasuna dela-eta (Indonesiak Timor Ekialdekoa okupatu eta autodeterminazio eskubidea ukatu ziolarik).
http://www.presidencia.pt/