Porto
edo Oporto. Portugalgo iparraldeko hiria eta portua, izen bereko barrutiko (2.295 km2 eta 1.644.400 biztanle) hiriburua, Duero (Douro) ibaiaren bokaletik hurbil, Lisboako hiriaren iparraldean. 347.300 biztanle. Portugalgo bigarren hiria da biztanle kopuruari dagokionez, eta Portugalgo iparraldeko merkataritza eta industria hiri nagusia. Apezpiku egoitza. Unibertsitatea. Oso ospetsuak dira bertan egiten diren ardoak. Ardogintza, ontziolak, janari industria eta ehungintza dira industria nagusiak; garrantzizko finantzagunea ere bada. Arteari dagokionez, aipagarriak dira , besteak beste, XII-XIII. mendeetako katedral erromanikoa, XVII eta XVIII. mendeetako elizak, Torre dos Clerigos delako dorrea (XVIII. m.), XV. mendeko Sao Francisco basilika gotikoa eta Duero ibaia zeharkatzen duten zubiak; Eiffel-ek eraiki zuen horietako bat. v Historia. Erromatarrek sortu zuten Portoko hiria K.a. 138. urtean Portus Calle izenaz (Portugali izena eman zion hiria hain zuzen). Arabiarrek konkistatu zuten gero. Kristauen mendean zen X. mendearen bukaeran, eta Portugalgo hiriburu izan zen 1174. urtea arte. Betidanik, aurre egin dio Lisboako hiriari, eta matxinada ugari gertatu dira Porton. Frantsesek okupatu zuten 1808. urtean, baina Wellington-ek askatu zuen urtebete geroago.