pop musika
1960. urte inguruan Britainia Handian eta geroago Estatu Batuetan sortu zen musika joera, rock and roll-etik, blues beltzetik, herri musikatik, eta country musikatik eratorria, eta musika klasikotik, elektronikotik eta Indiakotik, besteak beste, osagai asko hartu zituena. 1962. urtean Beatles taldea sortu eta ingeles rock-a zabaldu zenean, pop hitzak adiera zabalagoa hartu zuen: mundu osoan gazte belaunaldi oso baten eredu izan zen musika erritmiko elektrikoa. Pop talde nagusiak izan ziren: Beatles, Rolling Stones, Who, Animals, Pink Floyd, Byrds, Beach Boys, Doors, Crosby Stills Nash & Young, Grateful Dead, besteak beste. 1970. urte inguruan pop musika esamoldea desegoki eta ilun bihurtu zen pop-aren inguruan biltzen ziren musika guztiak izendatzeko, eta rock edo rock musika izena erabiltzen hasi zen.