pop art
(Popular Art-en laburdura). iz. Art. 1960-70 urte inguruan Britainia Handian eta Estatu Batuetan nagusi izan zen arte higikundea, Lawrence Alloway ingeles kritikariak izena eman ziona. Pop artearen ikonografia telebistatik, komiki liburuetatik, zinema aldizkarietatik, eta iragarki mota guztietatik hartua da. Estatu Batuetako espresionismo abstraktuaren erreakzio moduan sortu zen, arte mota zehatzagoa eta gehienentzat errazagoa izan zitekeena bilatu nahian, baina gizarte arazoetan alde garbirik hartu gabe. Arte higikunde honen aurrekariak izan ziren Marcel Duchamp, Stuart Davis, Gerard Murphy eta Fernand Léger artistak, besteak beste. Estatu Batuetan nagusi izan ziren Andy Warhol, Claes Oldenburg, Tom Wesselman, James Rosenquist eta Robert Indiana, eta Ingalaterran, berriz, David Hockney eta Peter Blake. Pop artearen adibide ezagunak dira A. Warhol-en zopa poteak, R. Lichtenstein-en puntuz eginiko komiki antzeko koadroak, Cl. Oldenburg-en plastiko bigunezko idazmakinak eta hanburgesa erraldoiak, eta T. Wesselman-en irudi biluziak, besteak beste.