pontederiazeo
izond. Bot. Lilialen ordenako izen bereko familiako landareez esaten da. 9 genero eta 34 bat landare mota biltzen dira familia honen baitan. Australiako iparraldean, Asiako hego-ekialdean, Afrikako mendebalean eta erdialdean eta Ameriketan, Estatu Batuetatik Patagoniara bitarteko lurraldeetan, daude zabalduak. Pontederiazeoak uretan hazten dira gehienbat. Zurtoin zaintsuak dituzte. Hostoak lantza itxurakoak edo arrautza itxurakoak, zabalak, izan ditzakete, elkarren aurka antolatuak. Loreak sexu bikoak dituzte, eta kolorez urdinak, moreantzak, horiak edo zuriak. Fruitua kusku egiturakoa dute. Familia honetakoa da uretako jazintoa.