Pontevedra
Pontevedrako probintziako hiriburua (Galiziako Autonomia Erkidegoa), izen bereko itsasadarraren ertzean, Lerez ibaiaren bokalean, Ozeano Atlantikoaren ertzean. 70.223 biztanle. Industria gutxi garatua dago (ardogintza, ehungintza, janari industria, industria kimikoa). Oso hiri eta arrantza portu garrantzitsua izan zen Erdi Aroan. Aipagarriak dira , besteak beste, Santa Maria la Mayor eliza platereskoa (1520-1559), San Frantzisko eta Santa Klara komentu gotikoak (XIV. m.), La Peregrina santutegia (XVIII. m.) eta XIV. mendeko Santo Domingo komentuaren hondakinak (arkeologia museoa gaur egun). v Historia. Herri zelta zen jatorrian, eta feniziarren mende geratu zen ondoren. Duo Pontes izena zuen erromatarren garaian. Sueboen, bisigodoen eta musulmanen mende egon ondoren Asturiasko Alfontso I.ak konkistatu zuen VIII. mendean. Hiri-gutunaz eta foruen bidez gobernatzeko baimena jaso zituen 1169. urtean Leongo Fernando II.aren eskutik. Ekonomia oparotasun handia izan zuen XV-XVIII. mendeetan Portugal, Frantzia eta Italiarekin zituen merkataritza harremanei esker eta han egokitu ziren, XVIII. mendean, katalan ontzigileak.