Ponge, Francis
Frantses olerkari eta saiakeragilea (Montpellier, 1899 - Le-Bar-sur-Lopu, 1988). NRFrentzat lan egin ondoren argitaletxe batean eta L´Alliance Françaiseko irakasle gisa lan egin zuen. Alderdi komunistako kidea izan zen 1936-1946 bitartean. Books International saria irabazi zuen 1974an, 1981ean Olerkigintzako Sari Nazional Nagusia eman zioten, eta Frantziako Akademiaren Sari Nagusia jaso zuen 1984an. Nouveau roman higikundearen aitzindarietakoa izan zen eta originaltasun handiko lanak idatzi zituen. Saiakeraren alorrean lan garrantzitsuak ditu, adibidez Dix-cours sur la méthode (1946, Metodoaren gaineko diskurtsoa) eta batez ere Malherbe (1965), zeinetan azaldu baitzituen "gauzen alde esku hartzearen" poetikaren printzipioak. Oso proposamen berrizaleak egin zituen eta hitzen eta gauzen arteko harremanean sakontzearren poesia objektiboa egin zuen, materialismo sentibera eta sentsuala harturik oinarri. Hori lortzeko hizkuntza aberatsa, trinkoa erabili zuen eta ohiko molde lirikoak alde batera utzi zituen. Bere obra nagusietan azpimarratzekoak dira, besteak beste: Le parti-pris des choses (1942, Gauzen alde); Proèmes (1948, Proemioak); El Sena (1950, Sena); Le gran Recueil (1961, Bilduma handia), bere obra guztien behin-behineko bilduma; Le savon (1967, Xaboia); Le nouveau Recueil (1967, Bilduma berria), 1959-1967 bitarteko idatziez osatua; La fabrique du pré (1971, Larreko fabrika); Comment une figure de parole et pour quoi (1971, Hitzezko irudi bat bezala eta zergatik); eta bere gogoetak biltzen dituen Méthodes (1971, Metodoak).