Ponpeio
(Lat. Cneius Pompeius Magnus). Erromako jenerala eta politikaria (Erroma, K.a. 106 - Pelusium, Egipto, K.a. 48). Ponpeio Estrabonen semea. Gizon ikasia eta politikari trebea izan zen. Marioren eta Silaren arteko gerran (K.a. 88-87), honen alde egin zuen. Silaren alaba batekin ezkondu zen eta hark Afrikara bidali zuen gudaroste baten buru, Marioren jarraitzaileen aurka borrokatzera. Bere garaipenen ondoren, K.a. 77an, Hispaniara bidali zuten prokontsul tituluarekin, Sertorioren aurka borroka zedin, hura Silaren kontra matxinatu zenez. Hispainian, Ponpeioren gudarosteak Iruñean igaro zuen K.a. 75 eta 74. urteen arteko negua, eta badirudi garai hartan hasi zirela eraikitzen, Iruñeko herria zegoen tokian, Pompaelo erromatar hiria (hortik Pamplona gaztelaniazko izena). Sertorioren gudarostea menderatu ondoren, Ponpeio Italiara bihurtu zen eta, Krasorekin batera, Espartako buru zuten esklaboen matxinada zapaldu zuen. K.a. 70. urtean Kraso eta bera kontsul hautatu zituzten. K.a. 66an, Mediterraneoko itsaslapurren aurka borrokatu zen eta urte bete geroago ekialdeko erromatar lurraldeetara joan zen. Ekialdeko mugetan egin zituen konkistek ospe handia eman zioten Ponpeiori, haiei esker luzez sendotu baitzen erromatarren aginpidea inguru haietan. K.a. 61ean, Erromara itzuli eta bere gudarostea desegin zuen. Urte bete geroago, Ponpeio Krasorekin eta Julio Zesar-ekin elkartu eta hirurok gobernatu zuten Erroma. K.a. 55ean, Kraso hil zen. K.a. 51n, Ponpeio kontsul izendatu zuten berriro baina, berak bakarrik gobernatu nahi izan baitzuen, ahaleginak egin zituen Zesar berriro kontsul izendatua izan ez zedin. Hala, K.a. 49an gerra sortu zen bien artean. Urte bete geroago Zesarrek Ponpeioren osteak menderatu zituen Farsaliako guduan. Ponpeiok Egiptora, Pelusium-era, ihes egin zuen, baina han hil egin zuten.