Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ponpeia

Campaniako antzinako hiria, Napolitik hegoaldera zegoena, 25 kilometrora, Vesuvio sumendiaren behealdean. Erromatar aberatsek bertan izaten zituzten aisialdirako etxaldeak. 79. urteko abuztuaren hogeita lauan, sumendiaren leherketa baten ondorioz, errautsek estali zuten. Plinio Gazteak hondamenaren berri eman zion Tazitori bidalitako eskutitz batean.  v  Historia. K.a. VI. mendean eraiki zuten oskoek, eta gero greziarren esku egon zen. K.a. 425-240 urteetan samnitek bereganatu zuten. K.a. 290. urtean erromatarren aliatu izan zen hiria, baina K.a. 80. urtean erromatar kolonia bihurtu zen. Hala iraun zuen sumendiak irentsi zuen arte. 1600. urte inguruan Fontana jakintsuak hondakinen berri eman zuen. 1748. urtean nekazari batek irudi batzuk aurkitu zituen, eta zulaketak hasi ziren, 1860. urtetik aurrera garrantzi handikoak izan zirenak. Gaur egun hiriaren heren bat dago agerian.  v  Artea. Ponpeia erromatar arkeologiagune nagusia da. Aipagarria da hiriaren egitura, eta etxeetan aurkitu den hormetako margolaritza, eta mosaikoz egindako apainketa. Bestalde, brontzezko eta marmolezko irudiak aurkitu dira, eta mota guztietako tresnak: sukaldekoak, lanbideei dagozkienak, bitxiak, etab. Eraikin aipagarriak dira: Jupiterren tenplua, K.a. II. mendeko basilika, Apoloren tenplua, bi foro, termak, bi antzoki, anfiteatro bat, Venus Ponpeianaren tenplua, gladiadoreen kuartela, etab.