Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

polonio

iz. Kim. Gai bakun erradioaktiboa (Po; at.-z. 84; at.-m. 210). Taula periodikoan VIA taldean kokatzen da. Ez du isotopo egonkorrik. Zilar koloreko eta kristal erako metala da, eta uranio naturalaren desintegrazio erradioaktiboaren sailekoa denez, uranioa duten mineraletan agertzen da. Bismutoa neutroiekin bonbardatuz lortzen da artifizialki. Berunaren eta bismutoaren antz gehiago du tasun fisikoetan, taula periodikoan eta talde berean bere gainean dagoen teluriorena baino. Tasun kimikoen aldetik, aldiz, telurioaren antz handiagoa du. 254 °C-tan urtzen da eta 962 °C-tan irakiten du. Bere pisu espezifikoa 9,4 g/cm3 da. Azido sulfuriko kontzentratuan, azido nitrikoean, aqua regian eta azido klorhidriko diluituan urtu egiten da. Erreaktore nuklearretan neutroien eta alfa partikulen iturri gisa, kalibratzeko tresnetan, petrolio putzuen neurketan, hezetasuna neurtzeko tresnetan eta abarretan erabiltzen da. Beste gai erradioaktiboak bezala, polonioa ere oso eragile toxiko arriskutsua da eta baliabide babestaileak erabili behar dira harekin lan egiteko.