Polonia
(Izen ofiziala, Poloniako errepublika; Polonieraz, Polska Rzeczpospolita). Europako erdialdeko errepublika. 312.683 km2 eta 38.500.696 biztanle (2008, poloniarrak). Mugak: iparraldean, Itsaso Baltikoa eta Errusia; ipar-ekialdean, Lituania; ekialdean, Bielorrusia eta Ukraina; hegoaldean, Eslovakia eta Txekiar errepublika; mendebaldean, Alemania. Hiriburua: Varsovia (1.692.900 biztanle, varsoviarrak). Hizkuntza: poloniera. Etniak: poloniarrak % 97,6; alemaniarrak % 1,3; ukrainarrak % 0,6; bielorrusiarrak % 0,5. Erlijioa: katolikoak % 95; ortodoxoak, protestanteak eta beste % 5. Dirua: zlotya. v Orografia eta hidrografia. Kuaternarioko glaziazioan eratutako ordoki zabal batek hartzen du Poloniako lurralde osoa, hegoaldeko muga inguruko alderdi menditsua izan ezik. Hori dela eta, Poloniaren batez besteko garaiera txikia da, 173 m-koa (lurralde osoaren % 75 baino gehiago 200 m-tik behera dago). Poloniako kostaldea zuzena eta hareatsua da, eta ibaien eta itsasoaren urlasterrek harea eta alubioiak pilatu dituzten alderdietan aintzirak eta zingirak sortu dira. Kostaldearen ekialdean Gdansk-eko golkoa dago, eta mendebalean Pomeraniakoa. Ordokiaren iparraldean hormategien hondakinek eratutako muinoak eta hareazko dunak daude. Alderdi horretan bertan aintzira eta zingira asko dago, eta bi eskualde edo lurralde nagusi bereizten dira: Pomeriana, mendebalean, eta Masuria, ekialdean. Poloniako erdialdeko ordokia Euroasiako ordoki handiaren parte bat da, Mazovia, Polesia eta Polonia Handia lurraldeak hartzen dituena. Ordokiaren eta mendien artean muinoak, goi-ordokiak eta ibar zabalak tartekatzen dira: Polonia Txikia, Silesia… Mea hobi handiko eremua da, eta Poloniako alderdirik jendetsuenetakoa. Mendiek Poloniako hegoaldeko muga osoa hartzen dute. Mendebaleko Karpato mendien iparraldeko adarrek, alegia, Beskide eta Tatra mendiek, Poloniako hego-ekialdea eta Eslovakia bereizten dituzte. Tatra mendietan dago hain zuzen ere Poloniako mendi garaiena: Rysi mendia, 2.499 m. Sudeteko mendi biribilek, berriz, Poloniaren eta Txekiar errepublikaren arteko muga egiten dute. v Poloniako ibai guztiek Itsaso Baltikoan isurtzen dute ura Vistula eta Oder ibai nagusien bidez. Oder ibaiak eta bere adar nagusiek, Neise, Warta eta Notec ibaiek, eratzen duten sareak Poloniako mendebal osoa ureztatzen du. Oder ibaiaren behealdeak Alemaniaren eta Poloniaren arteko muga lerroa egiten du. Vistulak eta bere adarrek, San, Buj, Narew, Pilica, Wieprz…, eratzen duten sareak Poloniako ekialdea ureztatzen du. Poloniako ibaiek urtean bi aldiz gainezka egiten dute, udaberrian, elurra urtzean, eta udan, uztaileko eurien ondorioz. Ibai horietako askotan ontziz ibil daiteke, eta batzuk, Warta-Oder adibidez, ubidez lotuak daude, batetik bestera igaro ahal izateko. v Klima eta landaredia. Poloniako klima kontinentala da, uda bero heze laburrak, eta oso negu hotzak dituena. Lurraldea zelaia izanik, norabide bateko edo besteko haizeek baldintzatzen dute klima. Ekialdean nabarmenagoa da hotz-beroaren gorabehera, eta alderdi batzuk elurrak lau hilabetez estaltzen ditu. Itsaso Baltikoan berriz klima samurragoa eta egonkorragoa da. Mendietan hotza da. Tenperaturari dagokionez, urtarrileko batez bestekoa 3 °C-koa izaten da, eta -21 °C-koa neguko hotzena. Uztaileko batez bestekoa, berriz, 18 °C-koa, eta 32 °C-koa udako beroena. Euri gutxi egiten du Poloniako ordokian: 600-800 mm urtean (721 mm Krakovian eta 530 mm Varsovian). Mendialdean berriz 1.500 mm euri ere izaten da. Udako hilabeteak dira euritsuenak. v Polonian Europako, Baltiko aldeko eta Errusiako estepako motako landareak hazten dira. Basoak lurraldearen laurden bat baino gehiago hartzen du. Gerrek eragindako hondamendiak, ebaketak, eta lur agorren eta ikatz hobien hedatzeak basoa txirotu eta urritu dute. Baso ugarienak Karpato mendietan daude: pinuak, izaiak eta alertzeak. Ordokian hariztiak, pagoak eta haltzak dira nagusi, pinuekin eta belar landareekin tartekatuak alderdi batzuetan. Iparraldeko zingiretan hartara egokitutako landareak hazten dira. Poloniako landaredia eta fauna 11 parketan eta 500 barruti berezitan baino gehiagotan babestua dago. Polonian mea baliabide ugari dago: ikatza Silesian (munduko ikatz ekoizle handienetako bat), sufrea Tarnobrzeskie-n (munduko bigarren ekoizle handiena), kobrea, zinka eta beruna, besteak beste. Industriaren adar nagusiak siderurgia, kimika eta ontziolak dira. Polonian kutsadura handia dago airean, eta Europako erdialdean egonik, bertatik igarotzen da gainerako herrialdeetako ur eta aire kutsatua. v Biztanleak. Poloniak 38 milioi biztanletik gora ditu, eta XX. mendearen azkeneko urteetan biztanleria % 0,5 hazten ari da urtero. Dena dela, Europako mendebaldeko herrialdeetan gertatzen ari den bezala, urte gutxi barru biztanle hazkundea negatiboa izatea aurreikusten da. Jaiotza tasa txikitzen ari da urterik urte, baina handi samarra da oraindik (% 15), eta heriotza tasa handitzen ari da, biztanleria zahartzen ari delako jaiotza tasak behera egin ahala. Poloniako gizataldeei dagokienez, XX. mendean zehar aldaketa handiak gertatu dira. Bi mundu gerren arteko urteetan, gutxiengo taldeak biztanleen % 30 ziren. Bigarren mundu gerran, ordea, naziek gutxiengo horietako asko –juduak batez ere– deuseztatu zituzten, eta ahal izan zutenek emigratu egin zuten, bai gerra bitartean bai gerra ondoren ere. Gerraren ondorengo muga aldaketek ere gizatalde horietako batzuen –alemanak batez ere– galera ekarri zuen. Hori dela-eta, gaur egun biztanle gehien-gehienak poloniarrak dira. Gutxiengoen artean, alemaniarrak, ukrainarrak eta bielorrusiarrak dira talde handienak, eta horiez gainera, eslovakiarrak, txekiarrak, lituaniarrak, ijitoak eta juduak ere badira. Biztanleen banaketa ez da berdina alde guztietan. Leku batzuetan –ipar-ekialdean, adibidez– oso jende gutxi bizi da, eta beste batzuetan, berriz –Silesiako industria eta meatzaritza eremuan, adibidez,– biztanle dentsitatea aurrekoaren halako zazpi da. Hiriburuaz gainera, Lodz (825.000 biztanle), Krakovia (745.000 biztanle), Wroclaw (643.000 biztanle), Poznan (589.000 biztanle) eta Gdansk (460.000 biztanle) dira hiri nagusiak. XX. mendearen bukaeran, Polonian berrogei hiritik gora zeuden 100.000 biztanle baino gehiagorekin. Biztanleen % 62 bizi dira hirietan. Erlijio nagusia katolizismoa da alde handiaz. Gainerakoak ortodoxoak, protestanteak eta juduak dira. Bigarren Mundu Gerraren aurretik judu asko zeuden, baina gerran naziek milaka eta milaka hil zituzten. Eliza katolikoak politikan, kulturan eta ekonomian duen eragina ez du berdinik beste herrialdeetan. Historian zehar, katolizismoa izan da poloniarren nortasunaren eta nazioaren batasunaren ezaugarri nagusietako bat, sortaldeko eta mendebaldeko auzo ahaltsuen erasoen aurrean. Aipagarria da lehen aita santu ez italiarra poloniar bat izatea, Karol Wojtyla krakoviarra (Joan Paulo II.a). v Ekonomia. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Poloniako ekonomia sobietar ereduaren arabera antolatu zen, eta produkzio bitarteko gehienak, baliabideak, garraioa, finantzak eta komertzioa nazionalizatu ziren. Jabetza pribatuak nekazaritzan, eskulangintzan eta zenbait zerbitzutan baizik ez zuen iraun. Industria izan zen ekonomiaren eragile nagusia, nekazaritzaren eta eraikuntzaren aurretik. Baina 70eko hamarralditik aurrera, Poloniako ekonomiak eragozpen eta traba handiak izan zituen: uzta pobreak, industria langileen matxinadak, atzerapen teknologikoa, inflazioaren gorakada, kanpo zor handia. Arazo ekonomikoak areagotu egin ziren hurrengo hamarraldian, eta neurri batean, erregimen komunistaren erorikoa eragin zuten. 1989an, gobernu koalizio batek hartu zuen aginpidea, Solidarnosc (Elkartasuna) sindikatuaren gidaritzapean. 1989ko abenduan, gobernuak berrikuntza programa bat prestatu zuen, Polonia merkatu libreko ekonomiaren bidean jartzeko. Aldaketa horrek langabezia handia ekarri zuen, lansariak beheratu egin zituzten eta barne produktu gordina % 18,3 erori zen. Aurreneko kolpearen ondoren, ekonomia suspertzen hasi zen: 1992an barne produktu gordina % 2,6 igo zen, 1993an % 3,8, 1994an % 5 eta 1995ean % 6,2. Industria produkzioa handitzea, langabezia gutxitzea, inflazioak behera egitea eta erosteko ahalmena handitzea, merkatu ekonomiara igaro izanak izandako arrakastaren erakusgarri ziren. XX. mendearen bukaeran, biztanleria aktiboaren erdia sektore pribatuan ari zen. v Polonia Europako nekazari herrialde nagusietako bat izan arren, ez da behar beste labore eta landare olio ekoizteko gauza, eta Europako ekialdeko beste herrialde batzuekin alderatuta, nekazaritzako emaitzak ez dira oso handiak. Erregimen komunistaren garaian, Poloniako nekazaritza sektore sozializatuetan eta pribatuetan antolatu zen; baserrien % 70 enpresa pribatu txikiak ziren, eta produkzio osoaren % 80 lortzen zuten. Lur emankorrenak erdialdean daude, baina baserri hoberenak hegoaldeko goi-ordoki apaletan eta mendi mazeletan daude. Batez ere laboreak (zekalea, garia, garagarra eta oloa), erremolatxa, patatak, sagarrak, marrubiak, arakatzak, koltza hazia, linazia eta tabakoa egiten dira. Abeltzaintzan behi hazkuntzak du batez ere garrantzia, eta haragi eta esnekien industria sare zabala eraiki da horren inguruan. Basoak (pinuak, izeiak, haritzak, pagoak, makalak eta urkiak) lurraldearen % 30 hartzen du, eta zur asko ateratzen da Silesiako eta Karpatoetako paper fabriketarako. Arrantzak, bestalde, gero eta pisu handiagoa du ekonomian. Batez ere bakailoa, sardinzarra, ezpata arraina eta txibia harrapatzen dira. Ontzi gehienak Ojotsk itsasoan aritzen dira, eta portu nagusiak Swinoujsscie, Kolobrzeg, Darlowo, Ustka, Wladyslawowo, Puck eta Hel dira. v Meatzaritza. Meatzaritzak herrialdeko biztanle aktiboen % 3 hartzen du. Ikatz erauzketa da sektore nagusia, eta munduko ikatz ekoizle handienetako bat da Polonia. Dena dela, ikatz produkzioa asko gutxitu da XX. mendearen azkeneko hamarraldietan (266 tona urtean 80ko hamarraldiaren bukaeran, eta 132 tona urtean 90eko hamarraldiaren hasieran). Polonia, gainera, sufre ekoizle handia da (3 milioi tona urtean). Ikatzaz eta sufreaz gainera, lignitoa, kobrea, beruna, zinka, magnesita eta gatza ere ekoizten dira. Bestalde, XX. mendearen azken hamarraldian, 1,3 milioi upel petrolio eta 4.000 milioi m3 gas natural ekoizten zituen urtero. Bigarren Mundu Gerra baino lehen, Poloniako industriaren sektore nagusiak ehungintza, siderurgia, kimika, janari industria eta makineria ziren. Gerra ondoren, sektore horiek zabaltzen jarraitu zuten bitartean, beste produktu batzuk sortzen hasi ziren: petrokimikak, makina lanabesak, ekipo elektronikoak, ontziak, ongarriak eta kobrea. Industria inbertsio handienak Goi Silesian, Varsovian, Lodzen eta Krakovian egin ziren, baina hiri txikiagoetara eta herrietara industria zabaltzeko ahaleginak ere egin ziren. XX. mendearen bukaerako industria produktuen artean, aipagarriak dira zementua, altzairu gordina, ibilgailuak, garbigailuak eta hozkailuak. Industria astuna –siderurgia batez ere– ikatz aberastasunari esker garatu zen, eta, horregatik, industria nagusiak Silesiako ikatz hobien ondoan eraiki ziren: Katowize, Stalowa Wola eta Czestochowa hirietan besteak beste. Ontziola inportantenak Gdansk-en daude. Poloniako industriaren arazo larrienetako bat, zaharkitua geratzeaz gainera, kutsadura da, sortzen duen kutsadura handia alegia. Silesiako siderurgiaren ingurua, adibidez, Europako kutsatuenetakoa da. Energia gehiena, berriz, ikatzez hornitutako zentral termikoetan sortzen da. v Kultura. Poloniako kultura, eslaviarra jatorriz, beste kultura askoren ekarriek aberastu dute X. mendea ezkero. Kristautasunarekin batera, Europako mendebaleko zibilizazioaren ezaugarri batzuk jaso zituen Italia, Frantzia, Alemania eta Bohemiatik batez ere. Errenazimentuan nobleziak eta goi mailako klaseko merkatariek Grezia eta Erromako antzinako kulturak ezagutu zituzten, eta Lituaniarekiko batasunak, bestalde, ekialdeko kulturaren eraginari sarrera erraztu zion. Literaturan aipatzekoak dira, XIX. mendearen lehen erdian, A. Mickiewicz, J. Slowacki eta Z. Krasinski poetak, eta XX. mendean, H. Sienkiewick Literaturako Nobel sariaren irabazlea, W. Reymont eta C. Milosz eleberrigileak, guztiak Polonia atzerritarren mendean egon zen garaiko idazleak. Poloniako zientzialari nagusiak, Errenazimentuan, N. Koperniko, eta XX. mendean J. Lukasiewicz logikaria izan dira. Poloniako musikagile ospetsuena Frédéric Chopin izan da. Chopinek pianorako idatzi zituen bere lan gehienak, Poloniako herri musikan oinarri harturik: polonesak, mazurkak… Halaber, aipatzekoak dira XX. mendean Ignacy Paderewski eta Arthur Rubinstein musikari eta piano-jotzaile bikainak, eta musikagile ospetsuenen artean, Karol Szymanowski eta Krzysztof Penderecki. Zinemagintzan, berriz, mundu osoan dira ezagunak Andrzej Wajda, Andrezj Munk, Roman Polanski eta K. Kieslowski zinema zuzendarien filmak. v Historia. K.o. II. mendeaz gero Vistula eta Oder ibaien arroan bizi ziren eslaviar jatorriko leinuek hiri gotortuetan batu eta estatu txikiak sortu zituzten 800-960 urte bitartean. v Piast dinastia. Ezagutzen den lehen agintariak, Piast dinastiako Mieszko I.ak (963-992), eman zion batasuna lurraldeari, eta sarrera kristautasunari; izan ere, 966. urtean kristau egin zen, eta urte hura hartzen da Poloniaren sorreratzat. Mieszkoren semea, Boleslaw I.a «Ausarta» (992-1025) errege izendatu zuten 1025ean, eta harrezkero, monarkia eta kristatutasuna herrialdearen batasunaren ezaugarri nagusi bilakatu ziren. Kasimiro I.ak (1034-1058) Krakovia hartu zuen hiriburutzat. Hurrengo bi mendeetako gorabeherek arriskuan jarri zuten Poloniaren batasuna, lurralde batzuk banatuak eta beste batzuk hartuak izan baitziren. Izan ere, Boleslaw III.a (1102-1138) erregearen lau semeen artean banatu zen erreinua, eta Danimarkak, bestalde, Pomerania beretu zuen. Mazoviako dukeek berriz Teutoi Ordenako zaldun germaniarrei laguntza eskatu zieten prusiarrei sarrera eragozteko, eta ondoren Chelmnoko lurraldea eman zien, Vistula ibaiaren behealdeko ekialdean. Teutoi zaldunak beren lurraldea hedatzearen alde borrokatu ziren, eta Prusia eta Pomeraniako ekialdea hartu zuten. Halaber, mongoliarrak berrogeita hamar urtez sartu-irtenka ibili ziren Poloniako lurraldean. Ladislas I.a Lokietek (1260-1333) batasuna eman zion lurraldeari, baina Silesia eta Pomerania galduak ziren. Kasimiro III.a Handia (1333-1370) erregeak berriz ekialderantz hedatu zuen lurraldea (Rutenia, Volinia), eta 1364an Krakoviako unibertsitatea zabaldu zuen. 1370ean Luis Anjou-koa, Hungariako erregea, izendatu zuten Poloniako errege. Piast dinastiak 1386. urtea arte izan zuen aginpidea, Lituaniako Ladislas Jagellon dukea Piast dinastiaren oinordekoarekin ezkondu eta Jagellon dinastiari bide eman zion urtea arte, hain zuzen ere. v Jagellon dinastia: 1386-1572. Jagellon dukea katoliko egin zen eta Poloniako errege izendatu zuten: Ladislas II.a (1386-1434). Hala, ezkontza haren bidez, Poloniak eta Lituaniako dukerriak Europako estatu ahaltsuenetako bat osatu zuten, Baltikotik itsaso Beltzeraino, eta Adriatikotik Altai mendietaraino hedatu zena. Jagellon dinastiako erregeek aurre egin behar izan zieten, besteak beste, turkiar otomandarrei eta Moskuko printzerriari. Aipatzekoa da Ladislas II.a Jagellon Lituaniako printzeak eta poloniar aliatuek 1410ean Teutoi Ordenako zaldunen artean, Grunwald-eko guduan, eragin zuten sarraskia, hartan amaitu baitzen germaniarrek Itsaso Baltiko aldean zuten nagusigoa. Sigismundo I.a Zaharra (1506-1548) eta Sigismundo II.a Augusto (1548-1572) erregeen agintaldiak izan ziren Poloniako urterik oparoenak: humanismoaren zabalkundea, erlijio askatasuna eta ekonomiaren gorakada. Kulturak gailurra jo zuen Nikolas Kopernikori eta Krakoviako unibertsitateari esker. 1569an, Lublin-en, Poloniak eta Lituaniak Dieta eta errege bakar baten aginpidea onartu zuten. v Poloniaren gainbehera. Jagellon dinastiako azken erregea, Sigismundo II.a (1548-1572), oinordekorik gabe hil zen. Aurrerantzean erregea Poloniako nobleziak aukeratuko zutela erabaki zen, eta erregearen aginpidea nobleziarenaren mendean geratu zen. Vasa etxeko erregeen aginpidean Poloniako erreinua hondamendira eraman zuten gerrak izan ziren kosakoen, errusiarren, otomandarren eta suediarren aurka. Erreinua deseginez joan zen, lurralde asko galdu ziren, eta bien bitartean, ekonomiak hondoa jo zuen. Egoera hura are larriago bilakatu zen XVIII. mendean, eta Polonia auzo-herri indartsuen mendean geratu zen. Lurraldea hiru aldiz banatua izan ondoren Poloniako erreinua guztiz desegin zen. v Polonia banatua. 1772. urtean Austriak, Errusiak eta Prusiak Poloniako lurraldea beren artean banatzea erabaki zuten, eta Poloniaren laurden bat baino gehiago hartu zuten. Gainerakoa Errusiaren babes-herri bilakatu zen. 1791. urtean Poloniako abertzaleek, erregearen onespenarekin, konstituzio bat ezarri zuten. Errusiako gudarostea Polonian sartu zen, eta urtebete geroago, Errusiak eta Prusiak Poloniako lurraldearen bigarren banaketa egin zuten. 1794an Tadeusz Kosciuszko poloniar abertzaleak matxinatzera deitu zuen, baina errusiarrek gogor zapaldu zuten matxinada. Hirugarren banaketa 1795. urtean egin zen, Austriak, Prusiak eta Errusiak Poloniako lurralde osoa banatzea hitzartu zutenean. Polonia desagina zen. v 1807an Napoleonek Varsoviako Dukerri Handia sortu zuen Prusiak eta Austriak 1795ean hartutako lurraldeetan. 1815ean Napoleon garaitua izan ondoren Vienako kongresuak berriro banatu zuen lurraldea: Austriari Galitzia eta Lodomeria eman zizkion, Prusiari Poznania, Krakovia errepublika aske egin zuen, eta gainerako lurraldeaz Poloniako erreinua osatu zuen, Errusiako tsarraren ordezkarien aginpidean geratu zena. Hurrengo urteetan poloniarrak burujabetasuna eskuratzeko asmoz matxinatu ziren, 1830ean Errusiaren aurka, 1846an Prusiaren aurka eta 1863an berriro ere Errusiarren aurka. Matxinadak gogor zapaldu ziren eta Errusia Poloniako abertzaletasuna eta kultura desegiten ahalegindu zen. Poloniar asko Europako mendebaleko beste herrialde batzuetara joan ziren ihes. Bestalde, Austriak Galitzia-Ruteniari autonomia eman zion, eta Poloniako kulturaren babesleku bihurtu zen. XIX. mendearen bukaeran lehen alderdi politiko eta higikunde abertzaleak sortu ziren. Lehen Mundu Gerra bitartean, 1916an, Austriak eta Alemaniak Poloniako estatua osatu zuten Errusiaren mendean zegoen Poloniako zatian, Poloniako gudarosteak haien alde egin zezan; poloniarrak ordea Austriaren eta Alemaniaren aurka matxinatu ziren. v Polonia burujabea. Lehen Mundu Gerra amaitu zenean, 1918an, Versaillesko hitzarmenak Poloniaren burujabetasuna eta askatasuna onartu zituen, baita itsasora aterabidea (Gdansk-eko igarobidea) izateko eskubidea ere. Urte horretan bertan Józef Pilsudski poloniar abertzale eta gerrako heroiak Poloniako Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen. 1920-21 urteetan, ekialdeko muga zela eta, gerra egin zuten poloniarrek eta boltxevikeek; gerraren ondoren Poloniak laguntza-hitzarmenak izenpetu zituen Frantzia eta Errumaniarekin, eta Errusiarekin batera bi herrialdeen arteko muga berria finkatu zuen. 1926an Józef Pilsudskik estatu kolpe bat jo zuen, eta 1935 arte diktadura ezarri zuen Polonian. 1939. urtean Hitler-ek, Gdansk-eko igarobidea Alemaniarentzat nahi zuela eta, Poloniako mendebala hartu zuen: Bigarren Mundu Gerraren hasiera izan zen. Aldi berean, Errusiako gudarostea ekialdetik sartu zen. Hala, Hitler-ek eta Stalin-ek Poloniako lurraldea bi herrialdeen artean banatu zuten. Stalinen aginduz, 20.000 inguru poloniar hil zituzten. Horien artean, 4.500 militar ziren, 1943an Katyngo hilobietan aurkitu zirenak. Bien bitartean, Poloniako errepublikako gobernua Frantziara eta, gero, Erresuma Batura erbesteratu zen. 1941ean Alemaniako gudarostea Sobietar Batasunean sartu zenean Polonia osoa nazien mendean geratu zen. 1943ko apiril-maiatzean Varsoviako ghettoa matxinatu zen. Alemaniarrek sarraski izugarria eragin zuten juduen artean, eta bizirik atera zirenak herio-eremuetara eraman zituzten. Bigarren Mundu Gerran zehar alemaniar naziek ia 6 milioi poloniar eta judu hil zituzten. 1944ko abuztuaren lehenean Varsoviako biztanleek matxinada deia egin zuten, handik hurbil zegoen Sobietar Batasuneko gudarostea laguntzera joango zelakoan, baina sobietarrek ez zuten esku hartu eta alemaniarrek hiria menderatu zuten. 1944-45 urte bitarteko neguan Sobietar Batasuneko gudarosteak alemaniarrak Poloniatik egotzi zituen eta behin-behineko gobernu bat ezarri zuten, komunisten agindupean. v Poloniako Herri Errepublika. 1945. urteko abuztuaren 2an, Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Sobietar Batasunak Poloniaren muga berriak finkatu zituzten Potsdam-en. Erabaki horren arabera Poloniak 179.460 km2 galdu zituen ekialdean, Sobietar Batasunaren alde, eta 102.555 km2 beretu zituen mendebalean, Alemaniaren kaltetan. 1947ko hauteskundeetan komunistek botoen % 90 eskuratu zituzten, eta Boleslaw Bierut izendatu zuten Poloniako Herri Errepublikako lehendakari. 1952. urtean Legebiltzarrak konstituzio bat onartu zuen, eta Poloniako ekonomia eta politika Sobietar Batasunaren eredura antolatu zen. Eliza katolikoak, gizartean oso errotua baitzen, komunisten aurkako abertzaletasuna bultzatu zuen, eta gobernuak Wyszynski kardinala atxilo hartu zuen 1953an. 1956an matxinada bat izan zen Poznan-en; egoera baretzeko alderdi komunistak Gomulka ezarri zuen lehendakari, eta gobernuak jarrera bigunagoa hartu zuen, bai ekonomian bai erlijioan. 1965tik aurrera Europako mendebaleko herrialdekiko merkataritza harremanak sendotuz joan ziren. Hala ere, 1968an intelektualak eta 1970an Baltikoko ontzioletako langileak matxinatu ziren. Gobernuak langileen aurka tiro egitea agindu zuen, eta krisia sortu zen Poloniako Langileen Alderdi Batuan (PLAB). Edward Gierek izendatu zuten alderdiko buru Gomulkaren ordez, baina erregimenak krisi gehiago izan zituen, ustelkeriagatik eta PLAB barruko tira-birengatik. 1976an berriz ere grebak izan ziren. Gobernuak ez zuen su armarik erabili grebalariak zapaltzeko, baina bai espetxe zigor gogorrak ezarri. 1979an Joan Paulo II.a Aita Santuak bere jaioterria bisitatu zuen, harrera egitera atera zitzaion jendetza handiaren artean. 1980ko abuztuan, Gdansk-en, Lenin ontzioletako lanuztea greba orokorra bihurtu zen, eta gobernuak ez zuen negoziatzea beste aukerarik izan. Bi hilabete geroago, gobernuak Solidarnosc sindikatua ezagutu zuen. Ordurako bazituen 10 milioi kide. Gero Nekazarien Solidarnosc sortu zen, hiru milioi nekazariren ordezkari. PLABek krisi gehiago izan zituen, Wojciech Jaruzelski jenerala –Lehen Ministroa orduan– alderdiko idazkari nagusi izendatu zuten arte. 1981eko abenduan, Jaruzelskik gerra egoera agindu zuen, Solidarnosc legez kanpo utzi zuen, eta sindikatuko buruzagiak klandestinitatera behartu zituen. Eliza katolikoaren bitartekaritzaz, gobernua eta Solidarnosc-eko ordezkariak negoziatzen hasi ziren 1989an, Sobietar Batasunean «perestroika» hasi zenarekin batera. 1989ko hautskundeetan, PLABk oposizioarekin negoziatutako ordezkaritza besterik ez zuen lortu. Jaruzelski jeneralak gobernua PLABekin osatzea proposatu zion Solidarnosc-i, baina sindikatuak ez zuen onartu proposamena. Solidarnosceko kide moderatu bat, Mazowiecki, izendatu zuten Europako bloke sozialistaren lehenengo gobernu ez komunistaren lehendakari. Polonia harremanetan hasi zen berriro Vatikanoarekin eta Israelekin. Estatu Batuek eta Alemania Federalak diru laguntza eskaini zioten. Alemaniaren batasunak kezka sortu zuen, mugak zirela eta, baina azkenean Bigarren Mundu Gerraren ondoren ezarritako muga berak berretsi ziren. 1989ko abenduan, Legebiltzarrak Poloniako Errepublika izena berreskuratzea onartu zuen. 1990eko urtarrilean, PLAB desegin egin zen, eta beste alderdi bat sortu zen, bitan banatu zena: Poloniako Errepublikako Sozialdemokrazia, batetik, eta Poloniako Batasun Sozialdemokrata, bestetik. 1990eko urtarrilean, gobernuak ekonomia doitzeko programa bat jarri zuen abian, Nazioarteko Diru Funtsarekin hitzarturik. Hilabete hartan bertan, Poloniak Europako Kontseiluan sartzeko eskaria egin zuen, eta Europako Ekonomia Elkartearekin negoziatzen hasi zen. NATOn sartzeko bi baldintza jarri zizkioten: ekonomiaren erreforma eta armen birmoldaketa. 1990eko maiatzean, Mazowiecki-ren aurkako lehen greba deitu zen, Gdansken ostera. Lech Walesak “bere langile jatorria ahazteaz“ akusatu zuen Lehen Ministroa. Solidarnosc zatituz joan zen, agintean aritzeaz. Uztailean, alderdi politiko bihurtu zen, harik eta, azkenik, zenbait alderditan banatu zen arte. 1990eko abenduan, lehendakaritzarako hauteskundeetan, Walesa atera zen garaile, botoen % 75 eskuratuta. 1991ko abuztuan, Lehen Ministro berriak, Jan Krzystof Bielecki-k, bere karguaren dimisioa eman zuen, eta trantsizio politikoa krisian jarri zuen. 1991ko abenduan, Jan Olszewski izendatu zuten Lehen Ministro. 1992ko urtarrilean Solidarnoscek greba deia egin zuen, elektrizitate, gas eta berokuntza tarifen gorakadaren aurka. Walesak gobernu berria era zedin eskatu zuen, Olszewskirengan konfiantzarik ez zuelako. Ekainaren erdialdean, Legebiltzarrak, Walesaren proposamena onartuta, Batasun Demokratiko alderdiko Hanna Suchocka izendatu zuen Lehen Ministro, zazpi alderdiren koalizioaren laguntzaz. Suchockak diruaren kontrol zorrotza aplikatu zuen eta 600 bat enpresa estatal enpresa pribatu bihurtzeko prozesua bultzatu zuen. 1993ko otsailean, bestalde, Walesak, Elizaren presioari amore emanez, abortatzeko eskubidea baliogabetu zuen. Suchockaren politika sozialarekin pozik ez zegoela-eta, Solidarnoscek gobernuaren aurkako zentsura mozioa bultzatu zuen. Azkenik, mozioa boto baten aldez onartu zen, eta legegintzarako hauteskunde aurreratuak deitu ziren. Hauteskundeetan, erregimen komunistaren alde zeuden sektore politikoak atera ziren garaile –Ezker Demokratikoaren Aliantza, batetik, eta Nekazari Alderdia, bestetik–, 100 aulkitatik 73 eskuratuta. Walesak Nekazari Alderdiko Waldemar Pawlack izendatu zuen Lehen Ministro. 1994an tira-bira ugari izan zen lehendakariaren eta gobernuaren artean. Haatik, ekonomiaren liberalizazioaren aldeko politika ez zen ezertan aldatu, baina, hori bai, erreforma batzuen erritmoa moteldu egin zen, eragin soziala gutxitzearren. Komunista ohien itzulera 1995eko azaroan biribildu zen, lehendakaritzarako hauteskundeetan Aleksander Kwasniewski atera baitzen garaile –botoen % 52 eskuratuta–, Walesaren kaltean. Walesaren lehendakaritzarako kanpaina komunismoaren gaitzespenean eta balio kristauen goresmenean oinarritu zen, abortua debekatzeko beharra behin eta berriro azpimarratuz. Hasieran, Jósef Olesky Lehen Ministro berriaren gobernuak ez zuen aldaketarik izan. Baina 1996ko urtarrilean, Olesky-k (komunista ohia) bere kargua utzi behar izan zuen, Barne ministroak Sobietar Batasuneko KGBri informazioa eman izanaz akusatu zuenean. Hurrengo hilabetean, Wlodzimierz Cimoszewicz-ek hartu zuen Lehen Ministro kargua. Zenbait alderditako eskuineko adarrek –politika sozial kontserbadore baten alde eta komunismoaren aurka egoteak batzen zituena– koalizio bat eratu zuten, Marian Krzaklewski-ren gidaritzapean: Hauteskunde Ekintza Elkartasuna. 1997ko legebiltzarrerako hauteskundeetan, Hauteskunde Ekintza Elkartasunak Ezker Demokratikoko Batasuna menderatzea lortu zuen, botoen % 33,8 eskuratuta. Jerzy Buzek, Hauteskunde Ekintza Elkartasunaren programa ekonomikoaren diseinatzailea, Lehen Ministro izendatu zuten. 1999an Poloniako parlamentuak NATOn sartzea erabaki zuen. Bestalde, Europar Batasuneko sarrera prestatzeko, hainbat neurri hartu ziren eta horrek langabezia handiatzea ekarri zuen ondorioz. 2004an sartu zen Polonia, azkenik, Europar Batsunean. Poloniarrek jakin zutenean EBko herritar berriek zazpi urte itxaron beharko zutela Batasuneko beste herrialdeetara joateko, areagotu egin zen jendearen eszeptizismoa. 2004an Polonia izan zen Iraken inbasioan estatubatuarren alde egin zuen Europa kontinentaleko herrialde bakarra.
http://www.poland.gov.pl/