Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

polimorfismo

iz. Miner. Gorputz solidoek, beren izaera eta osaera kimikoa aldatu gabe, itxuraz aldatzeko duten gaitasuna.  v Zenbait solido modu desberdinez kristal daitezke, izaera aldatu gabe; alegia, horien atomoak era desberdinez antola daitezke, gaiaren beraren osaera kimikoa aldatu gabe. Esate baterako, polimorfismoaren eredu garbia silizea da, mea hori kuartzo itxuran, tridimita forman edo kristibalita gisa kristal baitaiteke, besteak beste. Orobat, kaltzio karbonatoa, kaltzita, argonita edo baterita forman kristal daiteke. Forma polimorfiko horiek ezaugarri fisiko bereziak dituzte, eta bakoitzak tenperatura eta presio muga jakin batzuk ditu. Hala, tenperatura edo presioa aldatuz forma batetik bestera igaro daiteke.  v Biol. Zenbait animalia motak itxuraz aldatzeko duten gaitasuna. Erarik arruntena sexu polimorfismoa da; hau da, mota bereko animalia arrak eta emeak itxura desberdina izatea. Halaber, zenbait animalia mota bere bizitzaren aldietan (larba aldian edo heldutasunean) itxuraz aldatzen joaten dira, eta badira ingurunearen edo eguraldiaren aldaketak eraginda forma desberdinak hartzen dituztenak ere.