Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

polimerizazio

iz. Kim. Molekula nahiko xume eta arrunten kopuru handi bat elkartu eta kate edo sare egiturako makromolekulak eratzeko gertatzen den erreakzio kimikoa. Erreakzio horiek berez gertatzen dira landareetan, eta zelulosa, almidoia, proteinak eta abar eratzen dira. Industrian egiten diren polimerizazioak katalizatzaileak bertan direla eta beroaren, argiaren edo presioaren eraginpean gertatzen dira. Elkartzen diren molekula xumeak monomeroak dira eta eratzen den makromolekula, polimeroa; estirenoa, adibidez, poliestirenoaren monomeroa da. Erretxina sintetikoak, gasolina, labaingarriak, nylona, polietilenoa, neoprenoa eta akrilikoak, adibidez, gutxi batzuk aipatzearren, azken 60 urte hauetan polimerizazioz lortutako gaiak dira. Polimerizazio teknika ugari erabiltzen dira, eta erreaktiboek egoera desberdinetan daudela erreakzionatzen dute kasu bakoitzean: gas egoeran, disoluzioan, suspentsioan, emultsio eran eta abar. Teknika hauetako batzuetan beharrezkoa da peroxido erako katalizatzaileak erabiltzea.  v Polimerizazio gradua. Polimero bat eratzeko zenbat monomero molekula elkartu diren adierazten duen zenbakia. Aztertu nahi den ereduko polimeroaren batez besteko molekula batean dauden monomero molekulak mugatuz aurkitzen da. Zelulosa naturalaren polimerizazio gradua, adibidez, 3.000 da. Plastikoen prestakuntzan tasunak alda daitezke polimerizazio gradua neurri zehatz batzuen artean mantenduz.