Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Polinesia

Australia, Melanesia eta Mikronesiako ekialdean dagoen uharte multzoa, Ozeano Barearen eki-erdialdean. Ozeania banatzen den lau lurraldeetako bat hartzen du Polinesiak. Hawaiko (iparraldean), Zeelanda Berriko (hego-mendebalean) eta Pascuako (ekialdean) uharteek eratzen duten hirukiaren barne daude Polinesiako uharteak. Uharte hauek osatzen dute Polinesiako multzoa: Tuvalu eta Tonga (estatu burujabeak), Samoa (izen bereko estatuan eta Estatu Batuen artean banatua), Hawai (Estatu Batuak), Phoenix eta Line (Kiribati), Tokelau eta Cook (Zeelanda Berria), Societé, Gambier, Markesa uharteak, Tuamotu eta Tubuai (Polinesia Frantsesa), Pitcairn (Britainia Handia) eta Pascua (Txile). Zeelanda Berria ere Polinesiako lurraldetzat hartu izan da, maoriak baitira bertako biztanleak. Zeelanda Berria kontuan izan gabe, 26.500 km2 hartzen dute gutxi gorabehera Polinesiako uharteek. Sumendiek eragindako uharteak dira gehienak (Hawai, Savai, Tahiti, Rarotonga…); sumendi horietako asko oso garaiak dira (4.210 m ditu Hawaiko Mauna Kea sumendiak). Horietako zenbait pizturik daude oraindik (Hawaiko Mauna Loa sumendia). Klima tropikala da uharte guztietan, beroa eta hezea uharte garaietan eta idorragoa uharte lauetan, Zeelanda Berrian izan ezik, klima ozeanikoa baitu. Zuhaitzek eta zuhaixkek (kokondoak, ogi-arbolak, manioka…) hartzen dute Polinesiako lurraldearen laurdena baina oso apala da berez bertako landaredia. Faunari dagokionez, aipagarria da ugaztun handirik ez izatea. Arrainek eta itsaskiek, hegaztiek eta narrastiek osatzen dute bertako fauna nagusia.  v Biztanleak. Nahasirik bizi dira asiar eta europar jatorriko biztanleak eta bertakoak. Hawai, Mendebaleko Samoa eta Polinesia Frantseseko uharteak dira biztanle gehien dutenak; jendea hirietan nahiz itsasertzean bizi da batez ere. Polinesiako jatorrizko hizkuntzak (30 bat) multzo austronesiarrekoak (malaiar-polinesiarra) dira, eta milioi bat inguru lagun mintzatzen dira hizkuntza horietan. Samoako hizkuntza (200.000 hiztun), maoria (100.000 hiztun), tahitia (100.000 hiztun) dira Polinesiako hizkuntza nagusiak.  v Ekonomia. Nekazaritzan (kokoak, kopra, azukrea, pinaburuak, fruitu garratzak, mangoa, kafea, kakaoa), arrantzan, zurgintzan eta turismoan oinarritua da bertako ekonomia jarduera nagusia. Industria Hawai eta Zeelanda Berriko hiri nagusietan baizik ez dago.  v Historia. K.a. 2000. urte inguruan hasi ziren Ekialdeko Melanesiako biztanleak Polinesian sartzen. XVI. mendearen bukaeran espainiar itsasgizonak (Alvaro de Mendaña, Pedro Fernández de Quirós) iritsi ziren Polinesiako zenbait uharteditara. Abel Janszoon Tasman holandarra Zeelanda Berrian lehorreratu zen 1642. urtean, eta XVIII. mendearen bigarren erdian uharteak kolonizatzeko lehen urratsak eman zituzten itsasgizon britainiarrek (Samuel Wallis, James Cook) eta frantsesek (Louis-Antoine de Bouganville). XIX. mendearen bukaerarako mendebaleko estatuen mende zeuden Polinesiako uharteak.  v Hizkuntzak. Austronesiar familiako ekialdeko adarreko 30 bat hizkuntza. Hiztunak: 1.000.000 inguru. Aski homogenoak dira eta Tonga-Samoa gunean dute jatorria, eta hartatik duela 2.500 urte barreiatu ziren. Hona Polinesiako hizkuntza garrantzitsuenak: samoera (200.000 hiztun inguru); Zeelanda Berriko maoriera (100.000 inguru); tahitiera, Frantziako Polinesian lingua franca gisa erabiltzen dena.