pneuma
iz. Fil. Antzinako greziar filosofian, izpiritua, bizi indarra edo su sortzailea. Estoikoek materiaren batasuna azaltzeko erabili zuten kontzeptu hau; batzuetan izaki bizien energia psikikotzat ere hartu izan da. Neoplatonismoan eta antzinako kristautasunean, pneuma izpiritua zen eta psyché arima. v Mus. Musika notazioaren ikurra, testuaren silaben gainean jarri ohi zena. VIII. eta XIV. mende arteko eliza liburuetan erabili zen kantu laua idazteko. Pneumekin eginiko lehen notazioa gramatika azentuetatik hartu zen. Hasieran lerrorik gabe marrazten ziren pneumak, noten garaiera zehaztu gabe; horren ondorioz neketsu gertatzen zen entonazio zehatza lortzea. Geroago, lerroak marraztu izanak bideratu zuen musikaren idazketa.